Michael Pitt: Ameslari iluna
Zuloz betetako jantziak daramatza. Diseinuzko arropa eta grunge estilokoa modu bitxian nahasten ditu. Dotoreziaz. Zigarro bat du beti ezpainetan. Gorroto du Hollywood. Underground musika du atsegin. Zinema independentea du maite. Errebelde fama du. Ume aurpegiera du, baina Marlon Brandoren oinordekoa dela diote. Horixe aitortu zuen, behintzat, Bertoluccik "The Dreamers" filmeko rol nagusia eskaini zionean. Morroi politikoki ez zuzena den arren, ez dirudi oso iraultzailea denik. 69a 68a baino gehiago estimatzen du eta.
Nerabezaro zaila izan zuen Michael Pitt gazteak. Hiru eskolatatik bidali zuten, eta, azkenean, erreformatorio batean amaitu zuen. Baina ez zen aldatu. Handik lasterrera, drogen tentazioan erori eta heriotzaren maitale bihurtzeko zorian izan zen. Gaindosiak, ordea, ez zuen akabatu. Herioari baino areago, asperrari zion beldur Pitt gazteak, baina. Eta, hala, egun batean, jaioterria utzi eta New York kosmopolitara egin zuen ihes; aktore bihurtzeko asmoz.
Bi xentimu patrikan eta mila amets buruan. Halaxe zeharkatu zituen New Yorkeko kaleak estreinakoz. Espaloietan egin zuen lo hasieran. Sarri. Mezulari lanpostua lortu zuen arte. Bizikletaz erretzen zuen orduan asfaltoa, egunero dolar ziztrin batzuk irabazteko. American Academy of Dramatic Arts entzutetsuan ikasteko adina diru bildu zuen, ordea. Eta, apurka-apurka, antzerkiaren munduan sartu zen. Off Broadway-ko antzezlan batean zebilela, "Dawson's Creek" telesailean rol bat eskaini zioten. Telebistak oso ezagun egin zuen, eta Pitt gazteak zinema zuzendari askoren arreta bereganatu zuen berehala.
Duela hiru urte, Gus Van Sant zinemagileak eman zion lehen lan esanguratsua zineman, "Finding Forrester" txukunean. Urte berean, Faye Dunawayren "The Yellow Bird" filmean parte hartu zuen. Orduz geroztik, Michael Pitt aktore ezagun bilakatu da zinema independentean. John Cameron Mitchell finaren "Hedwig and the Angry Inch", Larry Clark basaren "Bully" eta Barbet Schroeder interesgarriaren "Murder by Numbers" errodatu baititu oso epe motzean. Benetako fama eman dion filma, aldiz, Bernardo Bertolucciren "The Dreamers" liluragarria izan da, dudarik gabe. Oharkabe, homeless huts izatetik zinema izar izatera igaro da mutila bost urteren buruan. Michael Pitt ameslari ilunaren amets amerikarra da.
Nortasun agiria
Izena: Michael Carmen Pitt
Jaioteguna: 1981- IV-10
Jaiolekua: West Orange/New Jersey (AEB)
Neska laguna: Alexis
Lagunik onenak: Leo Fitzpatrick eta Mark Webber aktoreak
Zaletasunak: Musika. Pagoda taldeko abeslari eta gitarra jotzailea da
Bizio bat: Erretzea
Liburu bat: "Zekale artean harrapaka" (J.D. Salinger)
Musikaririk kuttunenak: The Stooges, Sex Pistols, Pixies, Sonic Youth, White Stripers
Zuzendaririk estimatuenak: Todd Solondz eta Darren Aronofsky
Maitasun platonikoa: P. J. Harvey musikaria