Mice, Merina Gris eta Idoia izango dira BIMEren topaketen hamargarren urteurrenean
Bilbon izango da urriaren 26tik 29ra eta nazioarteko hainbat artista eta hizlarik hartuko dute parte.
Musika-industriaren nazioarteko topaketak, BIMEk, 10. urteurrena ospatuko du Bilbon, urriaren 26tik 29ra bitarte. Munduko bazter guztietako profesionalak bilduko dira bertan. Bi alderdi nagusi izango ditu ekitaldiak: batetik, BIME PRO biltzar profesionala Euskalduna jauregian, eta, bestetik, zuzeneko musika partekatzeko BIME LIVE.
Showcase-en programazioan 22 artista baieztatu dituzte: Frantziatik, Anna Majidson; Alemaniatik, Albertine Sarges; Poloniatik, Ifi Ude; Txiletik, Gianluca,Chini Png eta Niños del Cerro; Argentinatik, Los Besos eta Hipnotica; Austriatik, Atzur; Kataluniatik, La Élite, 31FAM, Carlota Flaneur eta Xgaquera de Chandal; Galiziatik, Dani; Murziatik, Muerdo; eta Valentziatik Sandra Monfort, Santero eta Muchachos. Euskal Herriko musikariek ere parte hartuko dute, hala nola Mice, Merina Gris, Idoia, Katanga Dub eta Edu Errea Band.
Hitzaldiak ere izango dira musikarekin lotutako hainbat profesionalekin. Hizlari hauek parte hartuko dute, besteak beste: Adam Smalley, editore eta gainbegirale musikala zinemarako; Alicia Alvarez, El Bloque ikus-entzunezkoen plataformaren sortzaileetako bat, kultura-kazetaria eta komunikazioan doktorea; Alicia Zertuche, Ruido Fest jaialdiko booker-a; Alejandro Marin musika-kazetaria; Christine White, New Orleans Jazz & Heritage Festival jaialdiko programatzailea: Jeff Rona, zinemarako, telebistarako eta bideo-jokoetarako musika-konpositorea; Leila Cobo, Billboard Latin-en zuzendaria; eta Rocio Torres, CHICA kolektiboaren sortzailea.
Berrikuntzen artean izango da BIME metabertsoa izan ere. Metabertsora egingo dute jauzi Uttopion-en, 2021eko StartUp Competition lehiako garailearekin. Mundu birtual horretan ekintzak, sariak eta musika izango dira aukeran.