Metrokoadroka Kolektiboak 'Artxibo biluzia' pieza eszenikoa estreinatuko du Usurbilen

Joan Mari Torrealdairi poliziak kendutako materiala abiapuntutzat hartu, eta hutsik geratutako karpeta irudikatu dute.

Metrokoadroka kolektiboak Artxibo biluzia konferentzia performatiboa aurkeztuko du urtarrilaren 14an, arratsaldeko 18:00etan, Usurbilgo Sutegi aretoan. Joan Mari Torrealdai Beka jarri zuten martxan Usurbilgo Udalak eta Jakin aldizkariak, eta hori izan da Metrokoadroka kolektiboaren ikerketa eszeniko hau abiatzeko pizgailua.

Joan Mari Torrealdai, Euskaldun Egunkariaren administrazio kontseiluko lehendakaria, atxilotu zutenean, poliziak bere etxetik dokumentu ugari eraman zituen. “Ordenatuta zegoena desordenatu, armairu eta txoko guztiak miatu, milaka dokumentu eta paper eraman. Begirunerik gabe. Eta zehaztu edo deskribatu gabe. Inpotentziarik handienarekin ikusten nuen nola ari ziren hondatzen nire bizitza eta lan profesionala, nire ikerketak, nire etorkizuna. Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki”, kontatu zuen Torrealdaik gero.

Metrokodroka taldekoek azaldu dutenez, pieza eszeniko hau sortzeko egun hartan hutsik geratutako karpeta bat irudikatu dute, eta antzerkiaren baliabideekin betetzen saiatu dira: "Gorputzez eta ekintzez jantzi dugu biluztasuna". Publikoari galdera hau egingo diote: “Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?”.

Ekintza eszenikoa, dokumentua, performancea eta antzerkiaren mugetan mugitzen den pieza eszenikoa da Artxibo biluzia. Bi aktore, Intza Alkain eta Javier Barandiaran, agertuko dira eszenan ikerketa bat abiatzen, publikoarekin elkarrizketan. Hainbat galdera planteatuko dira: "Izan daiteke dokumentua, bere horretan, akzio baten pizgailua? Izan daiteke dokumentu bat gorputzak martxan jartzen dituen detonantea?".