Merina Grisek datozen hilabeteetako kontzertu-sorta iragarri du
Lehena Donostian izango da martxoaren 3an, eta azken kontzertua ere bertan eskainiko dute.
Merina Gris taldeak datozen hilabeteetan gauzatuko duen bira txikiaren berri eman du. Donostian egingo dute lehen kontzertua, martxoaren 3an, Gure Ahotsak zikloaren barruan. Hurrengo hitzordua Bilbon izango da, apirilaren 13an, Zeid Fest jaialdian. Apirileko gainerako emanaldiak Euskal Herritik kanpokoak izango dira: 20an, Vigon; 26an, Burgosen; 27an, Madrilen; eta 28an, Logroñon. Maiatzean Oviedon izango dira, ekainean Bartzelonako Primavera Sound jaialdian, eta uztailean Madrilgo Mad Cool festibalean. Azkenik, hasitako tokira, Donostiara, itzuliko dira, uztailaren 25ean Jazzaldian joko baitute.
Duela astebete kaleratu zuen taldeak azken kantua, Lilili izenekoa. Bideoarekin jantzita aurkeztu zuten abestia, Patrick Criado eta Aitana Batres aktoreak protagonista direla. Galeraz, doluaz, minaz, nostalgiaz, damuaz eta onarpenaz ari dira kantu honetan.