Merina Gris, Neomak, Mice eta Ines Osinagak jaso dituzte Musika Bulegoa Sariak
Oreka Tx, Su ta Gar, Teresa Catalan, Enrike Solinis, Elena Setien eta Kepa Junkerak ere jaso dute aitortza.
Euskal Herriko Musika Bulegoak euskal musika panoramako urteko proiekturik esanguratsuenak saritu zituen atzo arratsaldean Errenteariako Lekuona Fabrikan. Guztira hamar sari banatu ziren, epaimahaiak esleitutako zortzi, Etxepare Institutuak emandako bat, eta EHMBEko zuzendaritza batzordeak eman ohi duen ohorezko saria.
Epaimahaiak saritutako zortzi talde eta artistak honako hauek izan dira: Merina Gris, Su ta Gar, Neomak, Mice, Ines Osinaga, Teresa Catalan, Enrike Solinis eta Elena Setien. Etxepare Euskal Institutuak, berriz, Oreta Tx taldeari egin dio aitortza, euskal musika geure mugetatik kanpo, nazioartera, zabaltzeko egindako lanagatik. Saritu bakoitzak 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura bana jaso du.
Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteko zuzendaritza-batzordeak urtero banatu ohi duen ohorezko sari berezia Kepa Junkerarentzat izan da, “euskal kultura eta euskara nazioartera modu berritzailean eramateagatik, trikitixa erritmo, instrumentu eta estilo berrietara egokituz”. Trikitilari bilbotarraren "ibilbide oparoa" ere goraipatu nahi izan dute, 30 disko baino gehiago argitaratu baititu.
Afrika Bibang eta Jon Gomezek gidatutako sari-banaketan zuzeneko musika entzuteko aukera ere izan zen Oreka TX, Elena Setien, Enrike Solinis eta Ines Osinagak jo baitzuten. DJ Ines ere aritu zen sari banaketaren ondorengo koktela girotzen.
Emakumezkoen proposamenak ugaritu
Sariak nori banatu erabakitzeko orduan, Euskal Herriko artista eta taldeek iaz sortutako 120 musika-proiektu eta proposamen aztertu ditu musikagintzan aditu eta arituak diren zortzi pertsonak osatutako epaimahaiak: Agus Barandiaran, Korrontzi taldeko trikitilaria; Gabriel Erkoreka konpositore eta Musikeneko irakaslea; Gema Sanchez AIEnRUTako koordintzailea; Iker Barbara, Zarata Mondo Sonoro aldizkariko arduraduna; Maite Larburu biolin-jotzaile eta kantautorea; Maria Taosa Radio3-eko kazetariak; Mark Barnes Eresbileko dokumentazio eta partitura arduraduna; eta Sonia Duran, Unión Fonográfica Independiente elkarteko gerentea.
Antolatzaileek adierazi dutenez, "nabarmen" igo zen iaz emakumeen proposamen kopurua, erdira, eta aurtengoan ere bide beretsutik jarraitu du, lanen %42k izan baitu emakumeen lidergoa. Hala, hamar saritik bost emakumezkoentzat izan dira.
Musika estiloari dagokionez, uzta anitza izan dela nabarmendu dute: klasikoa, folka, jazza, musika elektronikoa, estiloen arteko fusioak… Euskararen trataera ere nagusi izan dela azpimarratu dute, jasotako lanen %70 euskarazkoak izan baitira.