Mendian erne!

Ederra, gozagarria, osasuntsua… Mendira joateak gauza on asko ditu, baina ez da ogia erostera joatea bezalakoa. Mendia toki arriskutsua izan daiteke, eta beraz, arrisku horri aurre egiteko prest egon behar da. Hona zenbait aholku.


Norbaitek esana da mendikoa ezagutza gehien eskatzen duen eta aldi berean arau gutxien dituen kirola dela. Esaldi horren bitartez adierazi nahi da mendian hamaika egoera desberdinekin topo egin dezakegula eta erantzuna, askotan, norberaren araberakoa izango dela. Baina horrek ez du esan nahi segurtasun neurri batzuk kontuan hartu behar ez direnik. Mendia, ez ahaztu, inguru arrotza eta arriskutsua da guretzat. 

Estatistikak esanguratsuak dira. Mendian istripuen %85 mendizaleen hankasartzeen ondorioz gertatzen da; gainerako %15, berriz, baldintza objektiboengatik izaten da: eguraldia, ingurunearen ezaugarriak… Bestalde, istripuen erdia (eta gazteei gertatzen zaizkien ia guztiak) esperientzia ezagatik edota norberaren indarra handiesteagatik suertatzen dira. Esan beharra dago, gainera, istripu gehien jasaten dutenak 20 eta 25 urte bitartekoak izaten direla. Esperientziak, beraz, badu garrantzirik, beste datu honek baieztatzen duten legez: 1996an Hego Euskal Herrian eta Espainian izandako erreskate operazioen %90an mendizalea eskarmenturik gabekoa zen. 

Hots, segurtasun neurririk eraginkorrena norberaren prestakuntza da. Zenbat eta gehiago jakin, zenbat eta zure burua gehiago prestatu, orduan eta hobeto. "Funtsezko araua norberaren indarra eta teknika ondo ezagutzea eta arriskuarekin aldaratzea da", diosku Gorka Casadok. Gorka Hego Euskal Herriko 26.000 mendizale federatuetako bat da, eta hamar urte baino gehiago daramatza (29 ditu) mendira joaten eta eskalatzen. Mendizale trebatua da, beraz. Berarekin solastu gara Sestaoko bere etxean, eta jaurti duen lehen esaldia ezin adierazgarriagoa izan da: "Behin morroi bat kirol zapatilekin ikusi nuen Monte Perdidon". 

Mendiko arriskuaz babestea, batez ere, mendira joan aurretik egin beharreko lana da: jantzi eta oinetako egokiak eraman, ibilbidea ondo ezagutu eta prestatu (eguraldia, tokia...), elikadura zaindu, botikina eraman, zure asmoez jendea ohartarazi… Planifikazioa, finean. Gauzak aldez aurretik ondo prestatuz gero, mendian oso ohikoak diren hainbat arazo saihestu edo, behintzat, haien eragina leunduko dugu. Arrisku nagusiak zeintzuk diren eta arriskuei aurre egiteko zein neurri har daitezkeen ondorengo lerrootan azalduko dizuegu.

Hotza
Ergelkeria dirudi, baina garrantzizkoa da: hotzak ez izateko, ondo jantzita joan behar dugu mendira. Batez ere, kontuan izan behar da barneko kamisetak izerdia kanporatu behar duela. Horretarako, ez du kotoizkoa izan behar. Gainerako jantziek isolatzaile termiko funtzioa izan behar dute, eta kanpokoenak, berriz, haizeaz babestu behar gaitu. Izan ere, haizeak hotza areagotu egiten du eta izozte arriskua handitu. Haizearen abiadura zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da gorputzak sentitzen duen hotza.

Beroa eta eguzkia
Beroari aurre egiteko, argi dago: jantzi gutxi eraman ezazu, hobe pisu txikikoak, eta kolore argidunak. Eta eguzkiari dagokionez, ez ahaztu betaurrekoak janztea eta aurpegia, besoak, hankak… kremaz igurtzea. Behar izanez gero, burua estali.

Lainoa
Mendira igo baino lehen motxilan sartu duzun iparrorratza zure lagunik onena izango da, lainoaren erruz galduz gero. Eta iparrorratzik ez baduzu? Orduan, bidea jarraitzen ahalegindu zaitez. Ezinezkoa bada, zeuk aztertu ibiltzen jarraitzeak, ingurunearen ezaugarrien arabera (arrakalak, amildegiak…), nolako arriskua duen. Sarritan, hobe da geldirik egotea eta itxarotea. Lainorik gabe galduz gero, bietako bat: herriren bat hurbil badago, beherantz jo, nonbaitera iritsiko zara eta; bestela, punturik altuenera igo, ikuspegi hobea izateko.

Elurroldea
Gaur egun erraza da aldez aurretik elurrolde arriskua ezagutzea. Interneten ere begira daiteke. Dena den, elurrolde arriskua duen leku batean bazabiltzate, ez joan elkarrengandik hurbilegi; utzi hamabost metroko tartea taldekideen artean, eta motxila sorbalda bakar baten gainean eraman (elurroldea datorrela ikusiz gero, askatu). Gogoratu elurrolde arriskua handiagoa dela elurra egin berri duenean, eguerdiko orduetan eta hegoalderantz begira dauden maldetan.

Tximista
Ekaitz elektrikoak harrapatzen bazaitu, bota metalezkoa den guztia, eta urrundu hartatik. Ez gelditu inguruko tokirik garaienean, ez eta zuhaitz bakartien alboan edota leizeen sarreretan. Tximistak bilatu egiten ditu toki horiek. Jo ezazu behealdeko baileretara. Ordekan bazaude, kukubilko jarri, burua makurtuta eta eskuak zoluan paratu gabe, hanka azpian isolatzaile elektriko bat duzula (soka adibidez).

Erorikoak izotzean
"Toki askok segurtasun sentsazio faltsua ematen dute", azaldu digu Gorka Casadok. Eremua ia ordeka izan arren, izotza oso labainkorra da eta zaila izaten da gelditzea; baliteke, ez oso urrunegi amildegia izatea. Horregatik, mendi federazioek ematen dituzten ikastaroetan, besteak beste, pioleta erabiliz erorikoa nola gelditu irakasten dute. Beraz, bi gauza behar dira: pioleta eta entrenamendu apur bat.

Mendi arriskutsuak



Euskal Herriko mendirik arriskutsuenak aipatzekotan, Anboto aipatu behar dugu lehenbizi. Hain zuzen, Infernuko Zubia gailurtza edo pasabidea da, Gorka Casadoren ustez, Euskal Herriko mendietako txokorik arriskutsuena: "Teknikoki zaila ez izan arren, huts batek ondorio konponezinak ditu", dio sestaotarrak. Bestela ere, Anboto osoak arriskua du, masifikazioaren erruz. Jende asko joaten omen da Mariren bizilekura eta, hainbeste zapaltzearen poderioz, harria oso leun dago, eta beraz, laban egiteko arrisku handia dago, bustita dagoenean, batik bat.

Bada toki arriskutsu gehiago gure mendietan. Mugarraren alde batzuk, esate baterako, edo Txindokiren beste batzuk. Gorbeian, Itxina izeneko ingurua arrakalengatik da ezaguna; lainoa dagoenean, kontu handiz ibili behar da. Antzeko zerbait gertatzen da Auñamendin: neguan, elurrak eta izotzak arrakalak estali eta ikustezin bihurtzen dituzte, eta nahi gabe erortzeko arriskua dago.