Mendi kultura Gasteizen
Bederatzi egun mundu mailan egin diren mendi film interesgarrienekin gozatzeko. 40 film, 17 herrialdetatik etorriak. Egunero estreinaldiak, Euskal Herrian lehenengoz ikusiko dira gehienak.
Are gehiago, estreinaldi mundialak ere izango dira. Bi saio egunean, 16:00etan eta 19:30ean, irekiera eta itxiera ekitaldiak salbu, hauek 19:00etan izango baitira. Hona kontuan hartu beharreko batzuk: mendia eta euskaldunak. Euskaldunak eta mendia. Aspaldiko maitasun istorioa, zineman ikusten diren horietakoa. 1979an izan zuten lehen zita ilunpean, Euskal Herriko Mendizaleen Elkargoaren eskutik, mendiko zinemari buruzko jaialdia antolatu zenean Donostian. Urtero elkar ikustekotan geratu ziren, baina egitura eta aurrekontu arazoak zirela medio, 1985ean bertan behera geratu zen. Eta mendia maite dutenak zita gabe geratu ziren.
Egoera ikusita, mendizale talde bat hutsunea nola bete pentsatzen hasi zen eta 2008an, Gasteiz Mendi Taldearen eta Ascentiumen artean, Mendi Film Festival aurkeztu zuten hiriburuan. Jabi Baraiazarra zinemaldiko zuzendariaren hitzetan, helburu nagusia mendi kultura zabaltzea da: Azken urteetan mendiko ekintzak kiroltzat hartuak dira, baina mendian gabiltzanok hori baino gehiago dela sentitzen dugu; naturarekiko harremana, ingurugiroaren iraunkortasuna, ingelesez "mountain culture" bezala ezaguna dena. Mezu hori bera da abenduaren 12tik 20ra Europa Biltzar Jauregian ikusi ahal izango diren filmek zabaltzen dutena.
Eta ez hori bakarrik, izan ere, filmetatik haratago, hainbat tailer praktiko ere antolatu dituzte. Hara:
Mendiko bideo ekoizpena Jordi Canyigueral, Pau Savall. Film Office-ean. Abenduaren 12tik 16ra, 9:00 14:00
Mendiko argazkigintza Santi Yaniz Europa Jauregian, Florida Aretoa. Abenduak 17 eta 18. 9:30 13:30 / 15:00 17:00
Argazkiekin zer egin daitekeen ikasi Fotoikatz, Jaione Marañon. Europa Jauregia, Florida Aretoa. Abenduaren 13tik 16ra. 17:00 18:00
Paretan filmatzeko maniobrak Santi Llop eta David Palmada Pelut. Oroko eskalada eskolan. Abenduak 17 eta 18. 9:00 14:30
Dokumentalen banaketa eta promozioa Barbara Destefani, Nikita productions Europa Jauregia, Sorginetxe Aretoa. Abenduak 15. 10:00
Gailurretik hasi
Irekiera ekitaldia abenduaren 12an ezin du inork galdu. Hasteko, Nick Wagooner zuzendariaren Solitaire filma. AEBetan estreinatu ostean, zuzenean dator Gasteizera urteko eski irudirik ederrenetakoak dituen lana. Gero, Alexander G. de Bikuñaren eskutik, Gasherbrum I neguan igotzeko lehen saiakera, Alex Txikon eta lagunek egindakoa, Next time Inshallah. Eta eguna behar bezala amaitzeko, Simone Moro alpinista italiar ezaguna izango da protagonista Himalayan barrena, Winter Exploration filmean.
Emakumeak gidari
Larunbaterako abenduaren 17a egun berezia antolatu dute, emakume mendizaleei eskainia. Lehen saioa Jerzy Kukuczka inoiz izan den alpinistarik handienetakoaren inguruan mundu zabaleko adituek esandakoak biltzen dituen dokumentalarekin hasiko da. Eta gero, Herrialde Katalanetatik, Encordades, emakume eskalatzaile aitzindariak eta belaunaldi berriak batzen dituen dokumentala. Bigarren saioa hasteko, Gerlinde Kaltenbrunnerri buruzko lana izango da, 14 zortzimilakoak oxigenorik gabe egin dituen lehen emakumea da berau. Eta gero, Rock and Ice filma, Ines Papert eskalatzaile ezaguna protagonista duena.
On the rocks
Aurtengo ekitaldian azpimarratu beharreko beste zerbait: AEBetako ekoizpenen presentzia. Ipar Amerikan "mountain culture" delakoa oso barneratuta dute eta han egiten diren lanak benetan dira ikusgarriak. Baina zaila da oso film horiek Europara ekartzea. Lan handia egin dute antolatzaileek eta uzta bikaina lortu dute, guztira hamar film. Tartean, dagoeneko hainbat sari irabazi dituen Wild Water, erreka jaitsierak inoiz ikusi ez diren bezala erakusten dituen lana; Cold, mendiak mugak muturrera daramatzanean zer gertatzen den erakusten duena; edota Signatures, eskiaren inguruko AEB-Japonia koprodukzioa.