Mélanie Laurent: Artista sena

Ama dantzaria du, Annick, eta aita bikoizketa aktorea, Pierre Laurent, edo nahiago bada, Ned Flanders, The Simpsons telesailaren bertsio frantsesean.



Txikitatik artistaz inguratua egon da, eta artisten inguruan ibili da, lagunik onenaren aitak Astérix et Obélix contre César (1999) filmaren errodajean lan egiten zuela probestuz estudioan aktoreak ikustera hurbildu zirenean bezalaxe.
Hantxe ikusi zuen Gérard Depardieuk: "Zinean lan egin nahiko zenuke?" Mélanie: "Zergatik ez? Baina ez dut aktore izateko ikasi". Depardieu: "Ez galdu horretan denborarik, zuk berezkoak dituzu behar diren dohaiak". Hala, Un pont entre deux rives (1999) filmean papertxo bat eskaini zion neskatxari.

Ondorengo urteetan hamar filmetik gora egin ostean, 2006an, Je vais bien, ne t’en fais pas lanean egindako lanagatik César sarietan urteko aktore gazterik onenaren saria eskuratu zuen. Gero etorri ziren L’amour caché (2007), Isabel Hupperten alboan, edota París (2008), Cédric Klapisch arrakastasuaren esanetara. Zuzendari aritzeko gogoa sartuta zuenean, bi film labur egin ostean, lehen film luzea prestatzen hasia zenean, guztia utzi eta kamera aurrean jarri zen berriz; ezin Quentin Tarantinori ezetzik esan. Are gutxiago, aitona juduari kontatu zionean Inglorious Basterds (2009) filmeko Shoshanna Dreyfussen papera eskaini ziotela. "Onar ezazu, egizu nigatik", eskatu zion aitonak. Hitler eta goi-kargu naziak akabatzeko aukera ez da egunero izaten.

Nazioartera jauzi eginda, Ewan McGredor eta Christopher Plumberren alboan aritu zen Begginers (2010) drama independentean, eta iaz Now You See Me estreinatu zuen, banku lapurretan aritzen diren magoen thriller Hollywoodiensea, Louis Leterrier herkidearen esanetara. Eta tartean, En attendant (2011) diskoa atera, Damien Rice kantariaren kolaborazioarekin, Obelix aurrean agertu arte izandako ametsa betez. Datorren hilean, Enemy estreinatuko du areto komertzialetan, iaz Zinemaldian aurkeztutako filma. Zoritxarrez, Denis Villeneuve zuzendari quebectarrak Prisoners ere ekarri zuen Hugh Jackmanek Donostia saria jaso zezan, eta Mélanie Parisen geratu zen. Rebor, datorren urtean ekarriguzu, mesedez.

Nortasun Agiria


Izena: Mélanie Laurent.
Jaioteguna: 1983-02-21.
Jaiolekua: Paris (Frantzia).
Bikotekidea: Julien Boisselier aktorea.
Film maiteena: Peau d’âne (Jaques Demy, 1970).­­
Maite du: Janari organikoa.
Gorroto du: Armekin errodatzea.