Mazoka Marrazki Azokan parte hartzeko deialdia zabalik

Abenduan egingo dute azoka eta bertako kide izateko eskaerak urriaren 4a baino lehen egin behar dira. Erakusketa ere egingo dute parte-hartzaileen ilustrazioekin.

Iazko edizioaren arrakasta ikusita, Gasteizko Mazoka Marrazki Azokaren VII. edizioa komunitate bat eta lanak online saltzeko merkatua izango da beste behin abenduan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, azokak "sortzaileengan jarriko du arreta: haien ibilbidea sustatuko du, eta haien teknikak, estiloak eta proiektu-aniztasuna erakutsiko ditu".  Abenduan, eta batez ere Gabonetan, izango da eskuragai lan guztien erakusleiho izango den online azoka eta etxean bertan jaso ahal izango dira eskaerak. Azokaren marketplace-an ez ezik, Montehermoso Kulturunean egingo den erakusketan ere jarriko dituzte ikusgai parte-hartzaileek beren lanak, eta VII. edizioaren harira argitaratuko den egileen bigarren katalogoan sartuko dira.

Azaroaren 26tik abenduaren 26ra, 40 ilustratzaileen lanaren eta produktuen galeria oso bat aurkituko ahal izango da euren webgunean. Marketplace-tik mazokalarien dendetara birbideratuko da, eta han ilustrazioak erosi ahal izango dira, norberarentzako opari gisa, edo "pieza paregabe eta perfektu hori aurkitu". Hautatutako egileek era guztietako lanak egiten dituzte: jatorrizko ilustrazioak zein haien kopiak, teknika eta estilo guztietakoak; zeramikak; elastikoak; koadernoak; poltsak; zapiak; pinak; adabakiak; eranskailuak; katiluak; agendak; eta beste hainbat produktu.

Parte hartzeko aukera
Mazokalari izan nahi baduzu, urriaren 4ra arteko zabalik egongo den deialdian parte hartu beharko duzu. 40 postu horietako bat eskuratu edo Laboral Kutxak babesten duen ordainsarirako eta ekoizpenerako ikasleentzako Bekikasle beka txikia lortzeko hautagaitzak jasoko dira. Deialdia ilustrazioan, animazioan, diseinuan edo artean dihardutenei zuzenduta dago, profesionalak izan ala ez. Interesdunek inprimakia bete beharko dute eta arauak onartu. Urriaren 21ean ezagutaraziko dute epaimahaiaren erabakia.

Erakusketa Montehermoso jauregian
Abenduan edizio honetako 40 mazokalarien ilustrazioak ikusgai egongo dira Montehermoso Kulturunean eta erakusketak beste formatu bat izango duela jakinarazi dute, oraindik xehetasunik aurreratu ez duten arren. 

Bertan, katalogoaren ale bat lortu eta hainbat esku-hartze artistikotan parte hartu ahal izateaz gain, bisitaria lan bakoitzaren historian murgildu ahal izango da, "argitu beharreko eta jolasteko labirinto bat balitz bezala". Teknika, euskarri eta estilo desberdinak erabiliz egindako 40 lan ikusi ahal izango dira, eta bakoitzak QR kode bat izango du, hautatutako mazokalari bakoitzaren “postuaz” mugikorraren edo tabletaren bidez bertan gozatu ahal izateko.

Pieza bakoitzean, egile bakoitzaren kreditua ez ezik, ilustrazioaren deskribapen labur bat ere egongo da, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, baita webgunearen helbidea ere, egilearen beste lan batzuk eta haren estiloa eta teknika ezagutzeko eta salgai dauzkan lanak eta aplikazioak ikusteko.