Matxismoa harreman homosexualetan azaleratzen denean
Ez, matxismoa ez da soilik gizon heterosexualen kontua!
Gizartean oraindik ere erabat erroturik dago matxismoa, eta ez, ez da soilik gizon heterosexualen kontua. Gizon guztiek ikasten dituzte jarrera matxistak, beren sexu identitatea kontutan hartu gabe. Hala, matxismoa ere azaleratzen da harreman homosexualetan; beharbada ez dituzte emakumeak sexualki jazarriko, baina berdin-berdin izan daitezke lesbofobikoak, transfobikoak eta femeninoak diren gayak jazarri ditzakete. Eta hori ere, matxismoa da.
Homosexualen artean badira plumofobia dutenak, hau da, jarrera femeninoa duten gayak kritikatzen dituztenak. Jarrera femenino horiek ahultasun moduan ulertzen dituzte; femeninoa den guztia gutxiesten dute, maskulinitatea goratuz. Eta ez du sexu gustuekin zer ikusirik; jarrera femeninoak kritikatzearekin eta diskriminatzearekin dago lotuta.
Bestalde, homosexual askoren ligatzeko eta harremanak izateko moduak askotan matxistak izaten dira; askok uste dute ezin dutela sentimendurik azaleratu norbait ezagutzean, soilik beren gizontasuna dela erakargarri egiten dituena, eta gehien ligatzen duena arrakastatsuena deneko irudia saltzen diete.
Azkenik, ez da ahaztu behar kontrola eta posesioa bilatzen dituzten harreman toxiko eta matxistak berdin-berdin gertatu daitezkeela sexu berekoen artean.
Indarkeria femeninoa
Harreman lesbikoetan matxismoaz hitz egitea arraroa izan daiteke, baina zoritxarrez, gertatu daiteke ere. Emakume batek beste bat sexualki jazarri dezake? Iraindu? Indarkeria erabili? Kontrolatu? Bai, gertatu daiteke; denok ikasten ditugu jarrera matxistak, baita emakumeek ere; matxismoak ez du genero edo sexu gusturik bereizten. Heziketa sexu-afektibo zuzena jasotzea ezinbestekoa da halakorik gertatu ez dadin, baina argi izan behar da matxismoak gizarte osoari eragiten diola, garena garela.