Materia: amorruaren materia
Materia taldeak "Forget the music" izeneko hirugarren diskoa argitaratu berri du Oihuka diskoetxearekin. Gipuzkoako talde honek maisuki nahasten ditu metal astuna eta hardcore bizia.
Gipuzkoako Urnieta herritik datozkigu. Materia 1996an sortu zen, eta ordutik hona, ibilbide azkarra egin du. 1999n "Hardcore's desecration" plazaratu zuten (Fragment Music), eta 2003an "Time will tell" diskoaren txanda heldu zen (Fragment Music-Musica Autonoma). Oraintsu, "Forget the music" izeneko lana karrikaratu dute.
Materiak hamaika musika txapelketa irabazi ditu. Duela lau urte, Zangotza Rock eta Gipuzkoako Cadena 100 irratiko Imagina Rock lehiaketetan nagusitu ziren, eta aurten, berriz, Euskal Herriko metal talde onenaren saria eskuratu dute Bilbo Pop Rock lehiaketan.
Egia esan, ez da harritzekoa taldeak hainbeste sari jaso izana: Materiak hardcorea eta metala indar handiz nahasten ditu, eta zuzenekoetan, oholtzak dardarka uzteko ohitura dute. "Guretzat oso garrantzitsua izan da lehiaketa horiek irabaztea. Batetik, gure musikan sinesten lagundu digu, eta bestetik, beste era batera zabaldu ezingo genituzkeen ate asko ireki dizkigu". Esaterako, Bilbo Pop Rock lehiaketa irabazi ondoren, Munich hirian kontzertu bat emateko aukera izan zuten.
Hala ere, Materiak musika lehiaketa ospetsu askoren izaera faltsua salatu nahi du. Hain zuzen, horixe da "Forget the music" diskoan entzun daitekeen "Eurovision" kantaren funtsa:"kritika zorrotza egiten diogu "lehiaketa" horri, eta bide batez, gaur egun musikak bizi duen egoera tamalgarria salatu nahi dugu. Eurovision Europa osoko musikaren erreferentziatzat saldu nahi digute, eta horrek barregura ematen digu. Finean, batzuek tresna bezala darabilte musika, baina benetako helburua beste mila gauzari etekina ateratzea da", diote.
Baxu-jotzailerik gabe
Taldearen osaketari dagokionez, ez ohiko proposamena da Materiarena. Hirukotea dira: bi gitarrajotzaile, eta bateria jotzaile bat. Baxujotzailerik gabe aritzen dira, beraz. Hala ere, horrek ez du esan nahi taldearen oinarri erritmikoa ahula denik. Izan ere, frekuentzia grabeetako hutsunea betetzeko, subwofer funtzioa betetzen duen teklatu saturatua erabiltzen dute.
Hamaika abesti dakartza "Forget the music" diskoak, denak ingelesez abestuak. Metal pasarte pisutsu eta latzekin batera, melodia handiko ñabardurak aurki litezke kantetan. Asko landutako abestiak dira, taldeak izandako bilakaera aberatsaren erakusgarri.