Masturbazioa eta bikotea

Mito asko gainditu ostean, egun inork ez du zalantzan jartzen masturbatzea positiboa denik. Aldiz, bikotekidea dugunean sexu harremanak harekin izaten ditugunez, masturbatzeko beharrik ez dugula pentsatzen dugu.



Hollywoodeko komedia erromantiko askok masturbatzeko beharra duten bikotekideen ideia txantxa moduan erabili dute, eta horrek mitoa iraunarazi du. Baina paradoxikoki, oso ohikoa izaten da bikote harremanaren hasieran maiztasun handiagoz masturbatzea, pasio fase horretan beste pertsonarekiko desioa oso bizia izaten delako. Kontrakoa ere gerta daiteke, ostera; hau da, sexu aktibitatea areagotu egin denez, masturbatzeko beharra gutxitzea.

Beraz, bakarka gozatzeagatik ez zaigu gure bikotekidearekin topaketa erotikoak izateko desira jaitsiko, ez behintzat halabeharrez. Are gehiago, desioa areagotu egin daiteke, azken finean, plazerak gustatzen zaigun hori errepikatzera eramaten gaituelako.

Norbera ezagutzearen abantailak
Masturbatzea nork bere buruarekin gozatzea da. Baina baita geure gorputzarekin harremanetan jartzea ere, eta beraz, geure burua hobeto ezagutzeko modu bat da: zerk berotzen gaituen, zein laztan gustatzen zaizkigun, norberaren erantzun orgasmikoa nolakoa den, intentsitatearekin nola jolastu, kitzikapena maneiatzen ikasi, fantasiak sortu...

Horretarako, ezinbestekoa da geure buruari arreta eta denbora eskaintzea. Gorputzari ez badiogu jaramonik egiten, ezingo ditugu aldaketa fisiologikoak nabaritu eta zaila izango da haiek ulertu eta ezagutzea. Era berean, masturbazioari denbora gutxi eskainiz gero, ezin izango dugu fantasiarik sortu, eta ez dugu aukerarik izango geure autoerotismoa aberasteko.

Aitzitik, norbere sexualitatea lasaitasunez esploratuz gero, masturbazioa beste pertsona batekin konpartitutako topaketa erotikoa bezain ona edo hobea izango da.

Bikotekidearekin batera
Gure sexualitatea beste pertsona batekin konpartitzerako garaian, geure burua ondo ezagutuz gero, askoz errazago disfrutatuko dugu. Aldiz, zer gustatzen zaigun ez badakigu, oso zaila izango da besteak gurekin asmatzea.
Bestalde, bikote harreman bat abiatzen dugunean, ez ditugu alde batera uzten bakarrik egitea gustuko ditugun gauzak, hala nola, irakurtzea, korrika egitera irtetea, musika entzutea edota lagunekin geratzea. Zenbaitetan, ordea, zaletasunak partekatu ditzakegu, eta kasu horretan, oso interesgarria litzateke masturbazioa elkarbanatzea. Batak besteari egitea edota bata bestearen aurrean masturbatzea. Zer gustatzen zaion ikasteko modurik eraginkorrena izateaz gain, oso kitzikagarria izan daiteke geure bikotekidea masturbatzen ikustea.

Masturbazioa ez da sexu harremanen suzedaneo edo ordezko bat, ezta "besterik ez dugulako" egiten dugun zerbait ere, alegia, kontsolamendu bat. Masturbazioa eta bikotea ez dira bateraezinak, osagarriak baizik.

Argi dago, masturbazioa beste hainbat egoeratan ere lagungarria izan daitekeela, plazera emateaz gain, hainbat funtzio dituelako: erlaxazio teknika moduan erabili dezakegu, edota buruko, tripako eta hilekoaren mina baretzeko. Zenbaitetan, lokartzen lagunduko digu, eta bestetan, denbora pasatzeko besterik ez dugu egingo.

Beraz, bikotekidea eduki arren, garrantzitsua da norberarentzat tartetxo bat hartzeko aukera izatea.

Relax



Idazlea: Rafa Ugalde (Txalaparta)

Basauriko Ipuin Lehiaketan saritua izan ostean, erotismoaren ildoko beste narraziorik bazuen galdetu genion. Handik gutxira Relax argiratu genuen. Liburu dotorea, ondo idatzia, euskara ederra dakarrena. Ezin bestela izan, egilea bera ere halakoa da eta. Rafa Ugalde (Zornotza, 1961) gizon atsegina da, hiztun ona, bizitzarekin maitemindua. Orain, zain nauka, Hamaika bizimodu (Ibaizabal, 2003), Gure gerretako heroiak (Elkar, 2006) eta Relax idatzi dituen eskuak oraindik ere ale onak ekarri behar dizkigu eta. Edorta Jimenez.

Urtebetetzea
Sutu egin nintzen titiburu haiek miazkatzen, itsutu, eta prakak eranzten hasi nintzaion, sofan etzanarazi nuen eta haren hankartera hurreratu nuen ahoa, kuleroen gainetik lehenengo, eta horiek braustakoan kenduta, haren hankarteko iturri epeletik edan nuen, desertu erdian oasia aurkitzen duen gizon egarriaren antzera; zuzenegia izan nintzen, beharbada, baina goseak nengoen.

Bitxigorriaren iradokizuna:
- Aukeratu narrazio bat, ez du inporta ordenak, tentatzen zaituena hartu.
- Aukeratu pertsonaia bat, eta bere rola hartu. Orain, zu bera zara.
- Etxean eskura duzun arropa, osagarri edo objektu bat aukeratu berarekin identifikatzeko.
- Itzali telefonoa eta hasi ahopean irakurtzen.