Maskarekin gezurtiagoak bilakatu gara

Gezurrak esatea errazagoa bilakatu da ahoa estalirik daramagunetik, eta egia ezkutatzera ohitzen hasi gara.

Gezurrak esateko abilezia izatea dohain arriskutsua izan daiteke, behin hasita, gezurretan aritzea adikzio modukoan bilakatu daitekeelako.  Zorionez, gezurretan aritzea ez da dirudiena bezain erraza; askotan, gure gorputzak, eta batez ere aurpegiak, gure ezkutuko intentzioak salatzen ditu; baina koronabirus garaiotan denbora guztian maskara eramatera behartu gaituztenetik, gezurtien kluba nabarmen handitu da.

Maskarari esker, askoz erosoago zaigu hainbat sentimendu ezkutatu eta benetan pentsatzen duguna disimulatzea. Hain zuzen, begiradarekin batera, ahoarekin egiten ditugun keinuek salatzen dute hobekien barruan ezkutatzen dugun hori; irribarre oker bat, kezka adierazten duen zimur hori, deseroso gauden seinalea igortzen duen irribarre behartua... guzti hori begi-bistatik at gelditu zaigu, eta gure burmuina azkar konturatu da maskararen ezkutalekuak egiak gordetzeko eskaintzen duen abantailaz.

Baina maskara ez da gezurti bilakatu izanaren arrazoi bakarra. Pandemiak eragindako estres eta antsietate egoerak ere gezurrak esatera bultzatzen gaitu. Arrazoia? Psikologia adituen esanetan, gezur txikiek antsietatearen aurrean babesteko balio digute. Lagunekin gelditzeko uko egiten diogunean ala planak alboratzen ditugunean bilatutako aitzakia txarrak adibidez, gure antsietatea edota beldurra baretzeko gezur txikiak dira.