Martxoaren 6an irekiko dute Bertso Udalekuetan izena emateko epea
Bertso-eskolako kideentzat edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat zabalduko da lehenik, eta martxoaren 24tik aurrera gainerakoentzat.
Bertsozale Elkarteak Bertso Udalekuak antolatu ditu 9 eta 18 urte arteko gazteentzat, Amaiurren, Irañetan, Zuhatzan eta Larraulen. Lau txanda izango dira guztira, bakoitza adin jakin bati zuzendua.
Amaiurko aterpetxean 16-18 urte arteko gazteak izango dira, 2005-2007 artean jaiotakoak, uztailaren 8tik 17ra. Irañetako aterpetxean elkartuko dira 12 urtekoak, 2011 urtean jaiotakoak, uztailaren 18tik 24ra. 9tik 11 urtera artekoak, 2012-2014 urteetan jaiotakoak, Zuhatzara joango dira, uztailaren 24tik 28ra. Azkenik, Larraulgo aterpetxean hartuko dute ostatu 13-15 urte artekoek, 2008-2010 urteetan jaiotakoek, uztailaren 25etik 31ra.
Izen-ematea martxoaren 6an, goizeko hamarretan, irekiko da Bertsozale Elkartearen webgunean. Bertso eskoletako ikasleek edo gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek izango dute lehentasuna martxoaren 20ko 12:00ak arte. Gainerakoek, martxoaren 24tik, goizeko hamarretatik, apirilaren 17ra, eguerdiko hamabiak arte, eman ahalko dute izena. Izen-emate ordena eta lurralde aniztasuna hartuko dituzte kontuan txandak osatzerakoan, eta maiatzaren 8rako erantzungo zaie izena eman duten guztiei udalekuetan parte hartzeko aukerarik ote duten.