Martxoaren 4an amaituko da Liburu Gaztea Booktrailer Lehiaketan parte hartzeko epea

Liburua zerrendatik aukeratu eta haren inguruko sinopsi tentagarria egin behar da 60 segunduko bideoan.

Liburu Gaztea Booktrailer Lehiaketa martxan du Galtzagorri Elkarteak eta hasiak dira ikastetxeetako lehen lanak jasotzen, baina martxoaren 4ra arte norbanakoen kategorian parte hartzeko epea zabalik dagoela gogorarazi nahi dute. Lehiaketa honen helburuak irakurtzeko zaletasuna sustatzea, teknologia berrien eta literaturaren esparrua lotzea, gazteak liburuen sustatzaile bihurtzea eta euskarazko haur eta gazte literatura bultzatzea dira. 

12-16 urte bitarteko ikasleek liburu bat irakurri, gidoia prestatu eta booktrailerra egin behar dute, TikTok bitartez. Liburua proposamenen zerrendatik edo ezinbestekoen zerrendatik aukeratu behar da. 60 segunduko iraupena duten booktrailerrak egin behar dira, eta TikTokera igo. Behar izanez gero, tutoriala ere badago, bideoa egiteko gomendioekin. Galtzagorriren webguneko formularioa ere bete behar da, bideoaren lotura jarri eta datuak jasotzeko.  

Martxoaren 4tik aurrera lau adituk osatutako epaimahaiak jasotako trailerrak aztertuko ditu eta maiatza erdialdean jakinaraziko du bere erabakia. Norbanakoen kategorian aurkeztutakoen artean sari hauek banatuko dira: e-reader bat, blogerra izateko set-a (tripodea, foko eta mikroarekin) eta 100 euroko bonua liburu eta diskoetan gastatzeko. Horrez gain, Publikoaren Saria eskuratzeko aukera ere izango dute parte hartzaileek. Sari hau apirilaren 1etik apirilaren 30eko eguerdiko 12:00ak bitarte zabalduko den 'Bozkatu' atalean botoa emanez erabakiko da. Bozketan parte hartzen dutenen artean, urtero bezala, e-irakurgailu bat zozkatuko da.