Martxoaren 18tik 22ra izango da Donostiako Poesialdia

Mari Luz Estebanek, Goizalde Landabasok eta Xabier Zeberio parte hartuko dute besteak beste.

Poesialdia, Donostiako Poesia Astearen seigarren edizioa martxoaren 18tik 22ra izango da, Victoria Eugenia Clubean, Liburutegi Nagusian eta Ernest Lluch zein Intxaurrondo kultur etxeetan. Poesiaren inguruko ikuskizunak eta solasaldiak izango dira egitarauan. 

Goizalde Landabaso eta Xabier Zeberiok Tolesdurak izeneko poesia errezitaldia eskainiko dute martxoaren 18an, Victoria Eugenia Clubean. Hamaika emakumeren biografia poetikoak eskainiko dituzte, musikaz lagunduta. Tartean, Marga Andurain, Julie Karrikaburu, Gabrielle Münter, Hilma Af Klint eta Fredrika Bremer.

Juan Manuel Uriak eta Angel Unzuk pintura eta musika uztartzen dituen Impromptu disko-liburua aurkeztuko dute Ernest Lluchen. Proiektu honek hainbat elementu uztartzen ditu: tintaz egindako hirurogei pintura, guzheng-arekin inprobisatutako hogeita bat musika-kantu, eskuz idatzitako musika-notazioak... Sihara Nuñok aurkeztuko du emanaldia. Bestalde, izen bereko erakusketa ere zabalduko dute martxoaren 15ean.

Mari Luz Estebanek Haragizko erreformak poema liburua izango du hizpide, Aritz Gorrotxategirekin batera. Estebanek genealogia geografikoetan, kulturaletan, sozialetan zein linguistikoetan arakatu du lan honetan, "askotariko adarkatzeez osaturiko genealogia afektibo eta politikoak poetikoki gorpuzteko". Ernest Lluch kultur etxean izango da.

Martxoaren 21ean, berriz, bi ekitaldi izango dira. Alde batetik, VII. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren sari banaketa egingo dute  Liburutegi Nagusian, eguerdiko hamabietan. Beste aldetik, 19:00etan, Olerki Txokoaren parte-hartzaileen errezitala izango da Musikene-ko Antonio Lozano (saxoa) eta Antonio Lopez (gitarra) musikarien laguntzaz, Intxaurrondo Kultur Etxeko liburutegian. Mikel Arruabarrenak dinamizatuko du saioa. 

Azkenik, martxoaren 22an, Fernando Aramburuk Sinfonia corporal liburuaren inguruan hitz egingo du Roberto Herrerorekin batera. 

Saioetarako gonbidapenak martxoaren 15etik aurrera eskuratu ahal izango dira