Martxoaren 17an ere, euskaldun eta harro
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak hirugarren Euskaraz Bizi Eguna antolatuko du hilaren 17an Donostian. Egun osorako egitaraua prestatu dute, eta festari amaiera emateko, 3gabe2, Betagarri eta Skakeitan taldeek musika jarriko dute. GAZTEZULO han izanen da.
Euskaraz bizi nahi dugula eta hori lortzeko bidea egiteko prest gaudela adieraztea da, Igone Lamarain EHEeko kidearen hitzetan, Euskaraz Bizi Egunaren zentzu eta helburu nagusia. Euskaraz bizitzearen aldeko jardunaldia iraunkorra den arren, hilaren 17an euskaldunon hitzordua Donostian izango da. Antolatzaileek jakinarazi dutenaren arabera, aurtengoa festa berezia izanen da, ekimena hiriburu batean egiten den lehen aldia baita, eta adin guztietarako hitzorduak aurreikusi dituzte. Hizkuntza herriaren zutabe izanik, garai berri baten aurrean gaudela aldarrikatu du Euskal Herrian Euskaraz egitasmoak, eta orain, inoiz baino gehiago, herriak "euskaraz bizitzearen alde" egin behar duela azpimarratu du Lamarainek: "Bidea euskaraz egiteaz aparte, bidean eragin behar dugu, eta euskaraz bizi den herriaren erakusleihoa izango da aurten Donostiako Euskaraz Bizi Eguna".
Ahalegin horretan nahitaezkoa da lehen urratsak norberak egitea baina, norbanakotasunetik haratago, elkarlana ezinbestekoa ikusten du Euskal Herrian Euskarazek.
Martxoaren 17an, Donostiako Alde Zaharra bi gune nagusitan banatuko da, Trinitate Plazan eta Konstituzio Plazan izango baitira ekitaldi handienak. Hala ere, kolore aniztasunak, musikak eta euskaraz bizitzearen aldeko harrotasunak hiriburuko kaleak hartuko ditu egun osoan zehar. "Kale animazioa eta euskaraz harro bizi nahi duten guztientzat ekitaldiak izango dira", azpimarratu du Lamarainek.
Porrotx izango da, bertzeak bertze, txupinazoarekin egunari hasiera ofiziala emango dion protagonista, eta ondoren, Bonberenea Txarangaren doinuek hartuko dituzte kaleak. Goizean musika nagusituko den arren, bakarrizketa saioak izango dira San Telmo Aretoan, eta arratsaldean manifestazioa eta herri dantzak izango dira bertzeen artean. Egunari behar bezalako amaiera emateko, berriz, Betagarri, Skakeitan eta 3gabe2 taldeak Trinitate Plazako oholtza gainera igoko dira.
Lamarainek ekitaldi guztiak garrantzitsuak direla baieztatu duen arren, arratsaldeko manifestazioa azpimarratu du aurtengo jardueren artean. "'Euskalduna naiz eta harro nago!' lemapean, halakorik egingo dugun lehendabiziko aldia izango da aurtengoa. Herri moduan egin behar dugu bidea, baina herri hau norbanakoek osatzen dugunez, gutako bakoitzak horren aldeko jarrera izan behar du. Manifestazioa koloretsua eta alaia izango da, eta denok izango dugu gure harrotasuna adierazteko aukera".
Euskaraz Bizi Eguna urteko ekitaldi nagusia izango den arren, EHEek azaroan hasitako 'Ezabatu eta Euskaraz Bizi' ekimenak ere jarraipena izango du, Lamarainek azpimarratu bezala, "euskaraz bizitzearen aldeko dinamika iraunkorra eta etengabe garatu beharrekoa" baita.
Euskara lehenetsiz bidea eraiki nahi duten guztiek, hortaz, Donostian dute hitzordua hilaren 17an. GAZTEZULO ere bertan izango da, Trinitate Plaza girotuko duten kontzertuetan.