Martxan dira Urmuga ekimeneko mendi ibilaldi eta musika emanaldiak
Gaur, Baranbioko Garrastatsuko ermitan egingo dute kontzertua.
Atzo abiatu zen Urmuga egitasmoa eta Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatzen duen mendi ibilaldi musikatuan hemeretzi mendiko etapa egingo dituzte eta hogei musika emanaldi eskainiko dira, uztailaren 30era bitarte. Era guztietako emanaldiak izango dira: intimoagoak, berritzaileagoak, herrikoiagoak zein erraldoiak. Et Incarnatus Orkestrak egokitutako partiturekin, guztira kanta ezagunen ehun egokitzapen berri baino gehiago taularatuko dira.
Antolatzaileen hitzetan, "musika mendian jo, bizi eta entzuteak sortzen duen herri giroa eta giro artistikoa parekorik gabeko esperientzia dira. Gainera, Urmugak aukera ematen du Euskal Herriko lurralde guztietako bailarak, herriak, mendiak eta parajeak ezagutzeko". Herri izaera ere nabarmendu dute, antolakuntzan talde, elkarte, norbanako, erakunde, artista, mendizale eta musikazale ugari aritzen baitira, bolondres, herri egile eta ekintzaile asko. "Urmuga herri proiektu artistiko kolektiboa da, natura, herria eta musika batzen dituena, garena eta izaten ari garena izan nahi dugunarekin eta izango garenarekin lotuz", azaldu dute.
Euskal Herriko artista ezagunak, eskarmentudunak nahiz gazteak eta estilo ugaritakoak izango dira. Honako musikari hauek parte hartuko dute, besteak beste, ekimenean: Burbuilak Taldea, Xabin Guaresti Kantaria, Lander eta Ander Trikitilariak, Milkel Urdangarin, Bixente Martinez, Leire Letu, Kristina Aranzabe, Leturia, Sara Azurza, Agus Barandiaran, Jokin Pinatxo, Rafa Rueda, Gorka Hermosa, Eresargi Abesbatza, Eñaut Elorrieta, Alaitz eta Maider, Olaia Inziarte eta Garikoitz Mendizabal.
Emanaldi guztietatik sei izango dira sarrerarekin eta horiek webgunean eskura daitezke. Egun berean, kontzertuetan edo zenbait salmenta puntutan ere eros daitezkeen arren, Internet bidez aldez aurretik erostea gomendatu dute. Kontzertu handien ondoren, Eusko Label produktuek eskainitako jan eta edanak dastatzeko aukera egongo dela gogorarazi dute.