Martxan dira aurtengo Caf-Elhuyar sariak

Zientzia eta teknologia gaitzat hartu dituzten euskarazko kazetaritza lanak, 2011n argitaratuak, saritu nahi dituzte. Aurkezteko epea 2012ko urtarrilaren 27ra arte egongo da zabalik eta, orotara, 11.000 euro banatuko dituzte.


Ingurumena, osasuna, informatika, teknologia, biologia, kimika, matematika..., alegia, zientzia eta teknologia hizpide dituzten kazetaritza lan onenen bila dabiltza aurten ere Caf-Elhuyar Sarien antolatzaileak.
Prentsan, irratian, telebistan nahiz Interneten 2011 urtean zehar argitaratutako erreportajeak, dokumentalak irratsaioak eta beste izan daitezke, beti ere euskaraz. Halakorik landu eta plazaratu baduzu, hauxe duzu aukera, izena emateko epea zabalik da-eta datorren urtarrilaren 27ra arte.
Lau kategoria bereiztuko dituzte eta hauetako bakoitzean gailentzen denak sari potoloa jasoko du: 2.000 euro zientzia kazetaritzako lanik onenari, beste 2.000 euro dibulgazio artikulu onenari, beste 2.000 euro egilearen doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikulu onenari eta, azkenik, 5.000 euroko saria gazteei zuzenduriko zientzia narrazio hoberenari.


18 urteko ibilbidea


Zientzia eta teknologiaren dibulgazioa saritzeko sortu zituzten duela 18 urte CAF-Elhuyar zientzia eta teknologia dibulgazioko sariak. Aurten ere, CAF eta Elhuyar Fundazioa elkartu dira, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzarekin, ekimena antolatzeko.