Martxan da Sexu eta Ugalketa Eskubideak Munduan bertso-paper lehiaketa

Arabako medicus mundi elkarteak sexu eta ugalketa eskubideen inguruko bertso-paper lehiaketa abiatu du, lege eta agirietan aitortutako oinarrizko giza eskubideak diren arren, konta ezin kasutan urratzen direla ikusarazi asmoz. Bertsoak bidaltzeko epea martxoaren 13an itxiko dute.



Minuturo emakume bat hiltzen da haurdunaldiarekin edo erditzearekin loturiko arrazoiren bat tarteko. 130 milioi emakume eta neskatila baino gehiagok jasan dute genitalen mozketa. Urtero ia hiru milioi lagun, %80 emakumezkoak, sexu-esplotazioaren biktima izaten dira. 68.000 andrazko hiltzen dira urtean seguruak ez diren baldintzetan egindako abortuen ondorioz.

Unicef, Gimes eta bestelako nazioarteko erakundeek kaleratutako datuak beldurgarriak dira. Bereziki, sexu eta ugalketa eskubideak nazioarteko lege eta agirietan aitortutako oinarrizko giza eskubideak direla kontuan hartuta. Horregatik, urraketak salatu eta eskubideak aldarrikatzeko asmoz bertso-paper lehiaketa jarri du abian medicus mundi Araba erakundeak, Arabako Bertsozale Elkartearen eta Maria de Maeztu Forum Feministaren laguntzarekin.

Gasteizen jaio, lan egin, ikasi edo bizi diren lagunei zuzenduriko lehiaketan parte hartzeko epea martxoaren 13ra bitarte izango da zabalik, osteguna, eta parte hartzaile bakoitzak gutxienez hiru eta gehienez zortzi bertso bidali beharko ditu. Hori bai, nahi adina bertso sorta bidali daitezke. Doinua eta neurria ere libreak dira, baina doinua zein den ezinbestean azaldu behar da gutunean.

Lanak posta elektronikoz bidali daitezke alava@medicusmundi.es helbidera, edota posta arrunta erabiliz ondorengo helbidera:

medicus mundi Araba
Los Isunza/Isuntzatarrak 9-1. Ezkerra
01002 Vitoria-Gasteiz

Hori bai, oinarrietan zehaztutako datuak egoki jartzea funtsezkoa izango da.

Sariak
Epaimahaiak apirilaren 4an egingo duten bertso-afarian jakinaraziko ditu irabazleen izen-abizenak; lehenak 250 euro jasoko ditu bidezko merkataritza produktuak erosteko, eta bigarrenak 200 euro. Animatu!