Martxan da Kilometro Lezo jaialdia

Ikuskizunez gain, kontzertu-sorta antolatu dute irailaren 3rako.

Asteburuan abiatu da Kilometro Lezo jaialdia, herriko kultura sustatzeko asmoz. Musika, zirkua, dantza eta antzerkia izango dira jaialdiaren osagai nagusiak irailaren 3ra bitarte. Estilo eta izaera desberdineko artistak izango dira egitarauan eta udalak adierazi duenez, emakumeen presentzia lehenetsi dute. 

Joan den egunetan, Myriam Perezen Nuvanut eta Berdinki Zirkuaren Mikra emanaldiak izan dira herrian. Abuztuaren 26an, Barsanti Teatroaren Akabo antzezlanaz gozatu ahal izango dute herritarrek eta hurrengo egunean, berriz, Manolo Alcantara konpainiaren  Maña ikuskizunaz. Bi emanaldiak arratsaldeko zortzietan izango dira. Irailaren 2an izango da hurrengo hitzordua, eta Orratx Antzerki Taldeak Ay Karmela! eskainiko du.

Gainera, Musika Taldeen Erakustaldi erraldoia antolatu dute, lehen aldiz, irailaren 3rako. Hamabi kontzertu izango dira arratsaldeko lauretatik gaueko hamabietara, etenaldirik gabe. Aurten herriko eta inguruetako artistak ere gonbidatu dituzte, tartean Ilargi Arrizabalaga. Honako musikari hauek arituko dira: 16:00etan, Gotzen, Musika Eskolako Banda; 16:20an, Ilargi Arrizabalaga; 16:40an, Caste; 17:00etan, La Basu; 18:00etan, Cliché; 18:30ean, Noa & the Hell Drinkers & friends; 19:45ean, The Fake Cousins; 20:15ean, DJ Artie Escolar; 20:30ean, Love 23; 20:50ean, Liher; 22:15ean, DJ Artie Escolar; eta 22:45ean, La La Love You. Musika jaialdia girotzeko, janaria saltzen duten furgonetak eta edariak erosteko txosna izango direla iragarri dute. 

Ekitaldi guztiak Herri Eskolako patioan izango dira, aire librean, eta doan. Hala ere, sarrerak aldez aurretik hartu beharko dira ohiko bideen bitartez: kultur bulegoan, udaleko webgunean edota aplikazio bidez.