Martxan da indarkeria matxistaren aurkako 'Beldur Barik' ikus-entzunezko lehiaketaren hamahirugarren edizioa
Gehienez hiru minutuko iraupena duten bideoak sortu beharko dira azaroaren 11ra bitarte.
Beldur Barik programa Emakundek gidatzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta EUDELen laguntzarekin. Programaren helburua gazteen artean indarkeria sexista eta matxista prebenitzea da. Hainbat ekimen egiten dituzte gazteen artean hausnarketa bultzatzeko, eta horien artean dago Beldur Barik Ikus-Entzunezko Lehiaketa.
Aurtengo edizioan berrikuntza nabarmen bat dago, gainera, adin-tartea murriztu baitute, eta EAEn bizi edo ikasten ari diren 12 eta 20 urte arteko gaztek parte hartu ahalko dute, hiru kategoriatan banatuta. Aste hauetan udalei, ikastetxeei eta hezkuntza ez formaleko eragileei zuzendutako aurkezpen saioak egingo dituzte informazio guztia helarazteko. Gainera, abendura arte lehiaketan parte hartzeko gomendio, aholku eta laguntzarako edukia zabalduko dute.
Lehiaketara aurkezten diren ikus-entzunezko lanek errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jokabide eta jarrerak islatu behar dituzte. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, mezua baloratuko da kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik.
Lehiaketan parte hartzeko epea azaroaren 11n amaituko da. Bideoek, asko jota, hiru minutuko iraupena izango dute, eta gehienez hiru proiektu aurkeztu ahal izango dira.
Sariei dagokioenez, kategoria bakoitzeko sari nagusia 400 eurokoa izango da eta aipamen berezia, berriz, 200 eurokoa. Bestetik, 300 euroko beste bi sari ere izango dira: ikus-entzunezko lan onenarena eta parte-hartzearena. Parte-hartzearena herri bozketa bidez erabakiko da, azaroaren 17tik 20ra. Lan sarituak abenduaren 2an jakinaraziko dira, Sestaon egingo den topaketan.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.
