Martxan da Gaztearen Maketa Lehiaketa

Gaurtik aurrera zabalik da 30.lehiaketara lanak bidaltzeko epea. Urteurrena ospatzeko 'EH Sukarra'-ren bertsioa egin dute Nøgen taldeak eta Gazteako zenbait kidek.

Osasun larrialdiak atzeratzea eragin duen arren, bueltan da Gaztearen Maketa Lehiaketa. Aurtengo edizioa berezia da, gainera, 30.urteurrena baita. Gaztea irratiko kideak Euskal Herriko musikari onenen bila dabiltza eta lanak prestatzeko gonbita egin dute, parte hartzeko deialdia zabalik baitago gaurtik urriaren 13ra arte. Lanak jaso eta gero, bozketa fasea abiatuko dute urriaren 26tik azaroaren 3ra. Azkenik, azaroaren 25eko final handian jakinaraziko dituzte irabazleen izenak. 

Bi sari izango dira jokoan parte hartzen dutenen artean. Batetik, Epaimahaiaren Saria, 5.000 euro eta Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera emango duena, eta, bestetik, Entzuleen Saria, 2.500 euro. 

Parte hartzeko formularioa bete behar da. Bertan helbide elektronikoa eman eta esteka bat jasoko dute parte-hartzaileek.

Iazko edizioan Raitx donostiar musikariak jaso zuen Epaimahaiaren Saria. Entzuleen Saria, berriz, Kilimak taldeak eskuratu zuen.

EH Sukarrari keinua
Urteurrena ospatzeko, lehen maketa lehiaketa irabazi zuen EH Sukarra taldearen izen bereko kantuaren bideoklipa grabatu dute Nøgen taldeko musikariek, Gazteako hainbat aurpegi ezagunekin batera.