Martxan da Donostiako Piraten Musika Lehiaketa
Pasa den urtean Donostiako Piratek antolatu zuten Musika Lehiaketak izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere ekimena martxan jarri dute. Ekaina bitarte zabalik da Donostia eta inguruko taldeek beren lanak bidaltzeko epea.
Parte hartzeko interesa duen guztiak hiru abesti eta taldearen oinarrizko informazioa bidali beharko du izanpirata@gmail.com helbidera, ekainaren 3a baino lehen. Lehiaketa Donostiako eta inguruko taldeei Oarsoaldea eta Buruntzaldea zuzenduta dago eta aurretik kontraturik ez duten taldeek bakarrik izango dute parte hartzeko aukera.
Partaideen artean hiru sari izango dira, eta epaimahaiak aukeratuko dituen hiru taldeek Aste Nagusian Trinitate Plazako kontzertuetan jotzeko aukera izango dute.
Oinarriak:
- Donostia edo inguruko (oarsoaldea eta buruntzaldea) taldeek parte hartu dezakete bakarrik.
- Taldeak ez du kontratu profesionalik izan behar, maketa edo disko autoekoiztu bat argitaratutako taldeek soilik dute parte hartzeko aukera.
Aukeraketarako irizpideak:
- Musika estilo aniztasuna eta oreka bilatzen saiatuko dira, beraz, ez da musika estlo bereizketarik egingo.
- Euskaraz abesten duten taldeek izango dute lehentasuna
- Oholtza gainean taldearen presentzia, jarrera, eta zuzenekoa kontutan izango dute.
- Piraten oinarria parekidetasuna izanik, talde mixtoen partaidetza sustatu nahi dute.