Martxan da Debako Antzerki Astea

Jaialdiaren erdi aldera iritsita, lau emanaldi egingo dituzte bihartik igandera bitarte.

Debako XXXVII. Antzerki Astea maiatzaren 24an,joan den ostiralean, abiatu zuten eta bost emanaldi egin dituzte dagoeneko. Beste lau ere izango dira ikusgai, ordea, igandera bitarte. 

Aizarnako Herri Eskolak Urteroen musikala eskainiko die Luzaroko haurrei. Emanaldiak bihar izango dira, 10:30ean eta 11:30ean, Agirre Jauregiko Ispiluen gelan. 

Larunbatean, ekainaren 1ean, Lezoko Orratx! antzerki taldeak Ai ai ai badatorrela! emanaldia taularatuko du toki berean. Bi ahizpa lasai asko bizi dira eguneroko errutinan, beren betiko etxebizitzan. Norbaitek atea joko du eta ez irekitzea hobe izango dela pentsatuko dute, baina gutun bat agertuko da ate azpitik. 

Igandean, berriz, Goitibera taldeak bi emanaldi egingo ditu, 12:30etik aurrera, Ispiluen gelan. Lehena, Amatxik dixit izango da. Amatxiren lehengusinaren istorioa kontatuko dute, guda garaiko maitasun istorioa. Bigarrena, Zuri izenekoa izango da, espetxean gertatutako istorioa. Bi obren artean mokadua egingo dute eta ondoren solasaldi filosofikoa. 

Antzezlanetarako sarrerak hemen eros daitezke.