Martxan da Bilboko 'Gutun Zuria' nazioarteko letren jaialdia

Uxue Apaolaza, Leire Bilbao, Eider Rodriguez, Katixa Agirre eta Iban Zalduak parte hartuko dute besteak beste.

Atzo abiatu zen Gutun Zuria jaialdia, Idatzi/Editatu/Irakurri leloarekin, eta larunbatera arte askotariko jarduerak egingo dituzte Azkuna Zentroan, hala nola elkarrizketak idazleekin, hitzaldi musikatuak, eztabaidak, tailer artistikoak, topaketak eskola publikoarekin eta argitaletxeen aurkezpenak.

Antolatzaileen hitzetan, "literatura asmatzeko, ekoizteko, banatzeko, komunikatzeko eta kontsumitzeko modu berriak islatuko ditu jaialdiak. Literatura garaikideko hainbat kide gonbidatu dituzte eta baita idazketara hainbat alorretatik gerturatu direnak ere: Manuel Rivas, Gonçalo M. Tavares, Juan Pablo Villalobos edo Elvira Navarro, Pol Guasch, Munir Hachemi, Leire Bilbao, Sara Torres, Iñigo Martinez Peña, Jon Gerediaga eta Bob Pop.

Literatur esperientzia berriak ere proposatuko dituzte, tartean izango baitira Iban Zaldua idazlearen eta Miren Narbaiza musikariaren arteko topaketa musikatua, eta Abraham Bobaren ikus-entzunezko ikuskizuna.

Itzulpengintza eta euskara ere izango dira jaialdian, Etxepare Institutuak zuzendutako Euskal Herriaren eta Japoniaren arteko komiki trukea saioaren bidez. Saio horretan Hiromi Yoshida Black is Beltza-ren itzultzaileak, Koro Muro Harrieten editoreak eta Joseba Larretxe Josevisky komikigileak hartuko dute parte, Ainara Aspiazu Axpi ilustratzaileak moderatuta.