Martxan da bigarren Gaztealdia, sarean zein kalean
Ostegunera bitarte, egunerokoan euskaraz bizitzeko dauden oztopoak azalaraziko dituzte.
Gazte Euskaltzaleen Sareak Gaztealdiaren bigarren edizioa abiatu zuen atzo, "gazteen artean euskaraz bizitzeko hautua bultzatu eta egunerokoan hautu hori oztopatzen duten faktore eta baldintzak erakustarazteko asmoz". Ostegunera bitarte martxan izango da ariketa kolektibo praktiko hau, eta lehenengoan sarea izan bazuten ere kokaleku, oraingoan sareak eta kalea ere astinduko dituzte.
Gazte euskaltzale guztiei egin diete bertan parte hartzeko gonbita, eta euren bizipenak eta hausnarketak sare sozialetan partekatzeko deia egin dute, #EuskarazBizikoGara traola erabiliz eta @gaztealdia kontua aipatuz. Kalean salaketak eta aldarrikapenak egitera ere animatu dituzte.
Sareko kideen ustez, "euskarak ez ditu garai errazak bizi", ezagutzaren gorakada azken hamarkadan "oso motela" izaten ari baita eta erabilerarekin ere kezka azaldu dute, "azken urteetan atzerako joera" sumatzen delako euskararen arnasguneetan.
Euskaraz bizitzeko oztopoak egiturazkoak direla nabarmendu dute, eta hezkuntza aipatu dute adibidetzat, "Euskal Herriko hezkuntza sistemek ez dutela euskalduntzen eta". Ikus-entzunezkoen egoera ere kezkagarria iruditzen zaie, eta gazteek euskarazko edukia sortu, bilatu eta partekatzeaz gain, instituzio publikoek ere sorkuntzan, bikoizketan eta itzulpenetan inbertitu behar dutela adierazi dute.
