Markel Gajate: "Euskara eta musika gazteen artean bultzatzeaz harro sentitzen naiz".
Markel Gajate (Donostia, 1996) "Go!Azen" telesailean aktore lanetan ezagutu bagenuen ere, bertan erakutsi zigun kantuan ere ederto moldatzen dela. Izan ere, Gajateren pasioetako bat da musika eta sekula hau lanbide bihurtzea ez bazaio otu ere, argitaratu berri duen "Helmuga" deitutako abestiarekin horretarako lehen pausoak eman ditu. Hala ere, bidea gozatzearen garrantziaz mintzatu zaigu hankak lurrean dituen sortzaileak.
Go!Azen telesailean aktore lana eta musika uztartzen zenituen, baina batez ere aktorea zinen, orain single bat argitaratu duzu. Beti argi izan duzu musika mundura saltoa eman nahi zenuela?
Egia esan ez. Beti izan dut musika mundua gustuko, baina ez nuen nire burua kanta bat kaleratzen imajinatzen. 2019ko udan kanta bat idaztea bururatu zitzaidan, ea zer ateratzen zen ikusteko. Ez naiz sentimenduak erraz adierazten dituen horietako, eta pixkanaka konturatu naiz idatziz errazago azaltzen naizela ahoz baino. Gero, urte hartako abenduan beste kanta bat idatzi nuen, eta bigarren honekin buru belarri hasi nintzen lanean. Doinua jarri eta gitarrarekin kantatzen hasi nintzen. 2020 hasieran, kanta kaleratzea deliberatu nuen helburu bezala, bere bideoklip eta guzti. Berandu bada ere, helburua 2021 honetako apirilaren 2an bete nuen eta jada abestia entzungai dago.
Kantu honetan doinu lasaiak entzun daitezke...
Helmuga izena duen kantu berri onek esperientzi pertsonal bat kontatzen du, zuk esan bezala era lasai eta sentikor batean. Mikel Urdangarin eta tankerako artistak erreferentziatzat hartuta, kantuaren mezuari garrantzia ematen saiatu naiz, musika garaikideagora gerturatzen zaion melodia batekin uztartuzz Rafa Rueda musikariaren laguntzaz. Nire ahotsari laguntzen dioten gitarra pare bat eta pianoa entzun daitezke abestian.
Nola definituko zenuke oro har zure musika?
Euria egiten duen egunetan entzuteko musika da nirea. Triste gaudenean kantu tristeak entzutera jotzen dugu askotan, eta kasu honetan, kanta hau egun euritsu batean entzuteko ezin hobeto dator. Musika barnerakoia egiten saiatzen naiz, metafora asko dituena.
Zerk inspiratu zaitu?
Lisboan bizi nintzela, neska Bilbotar batekin izan nuen harremanak inspiratu ninduen. Harremanean zehar, zaila egin zitzaidan askotan sentimenduak aurrez aurre hitzez adieraztea, eta komunikazio falta horrek eragin handia izan zuen bion artean. 2019ko abenduan, erlazioa bukatu berri genuela, gabonetan hegazkinez etxera bueltan nintzela idatzi nuen kantua.
Ikusgarritasuna lortu zenuen Go!Azen telesailari esker... zer moduz daramazu arrakasta? Lagundu al dizu musika munduan ala gehiago izan da traba bat?
Esango nuke arrakasta euskara bultzatzen duen formatu batean parte hartzea izan dela. Pertsonalki ez diot garrantzi handirik eman telebistan agertu izanari. Euskara eta musika gazteen artean bultzatzeaz sentitzen naiz harro. Egia da ume eta heldu askoren begietan egoteak beldur pixka bat ematen duela hasieran, jendeak zer pentsatuko ote duen galdetzen nion nire buruari, baina azken finean, onena norbera den bezala agertzea da.
Aktorea izanik irudiaren garrantziaz jabetzen zara... musikan zenbaterainoko garrantzia duela uste duzu?
Itxura fisiko aldetik, geroz eta garrantzia gutxiago du. Artistaren marketin irudi aldetik ordea, geroz eta gehiago. Egia da askotan aktore edo musikari bat arrakastatsuagoa dela bere itxura fisikoak laguntzen badio, baina egun marketinaren bidez egindako ahaleginek sendotzen dute artista baten irudia, eta fisikoak indarra galdu du industrian. Artista berri asko ditugu gaur egun, tankera guztietakoak, baina posizionamendu eta promozioak erabakitzen du orain artista baten arrakasta. Esaterako, hain ondo kantatzen ez duen eta itxura alternatibo edo ez hain jantzia duten artista ospetsuen kantitatea izugarri hazi da. Hau ona eta txarra dela iruditzen zait. Ona itxura fisikoari garrantzia kendu, eta artistaren mezuari garrantzia ematen zaiolako; eta txarra okerrago kantatzen duen jendeak kantari on batek baino arrakasta handiagoa duelako askotan.
Zuk single baten aldeko apustua egin duzu, bideoklip eta guzti. Bideoklip eta single-en garaian bizi gara?
Hasieratik izan nuen buruan bideoklipa eta ez singlea bakarrik. Bisuala den edukiak bizia ematen dio musikari, eta gaur egun kanta bat bideoklip gabe kaleratuz gero, indarra galtzen du edo ia ez da existitzen. Hala ere, irudirik gabe hitzekin bakarrik zerbait sentiarazten dizun musikak du benetako meritua. Bideoklipa eduki laguntzailea da, mezua ikusgarriago bihurtzeko.
Argi izan al duzu hasieratik euskaraz abestu nahi zenuela?
Bai, hiru edo lau kanta idatzi ditut, eta denak euskaraz. Errazagoa egiten zait euskaraz zerbait adieraztea eta idaztea. Baina batez ere, euskara bultzatu eta musika euskaraz egitea oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Pello Reparaz musikariak duela gutxi elkarrizketa batean esan zuen bezala, Euskal Herri bezala ez ginateke inora joango beste hizkuntza batean kantatzea erabakiko bagenu, euskara alde batera utziz. Euskal kultura eta musika bultzatu behar ditugu, eta izugarri poztu naiz azkenaldian hainbeste jende euskaraz kantatzen entzun izanagatik sareetan.
Nola ikusten duzu oro har, euskal eszena?
Musika aldetik izugarri hazi dela iruditzen zait, batez ere konfinamendu garaian. Jendea etxean sartuta egoteak gauza berriak egitera bultzatu ditu sortzaileak, eta gazte asko kantatzera ausartu dira, horietako asko euskaraz. Azken urte honetan ezagun eta lagun asko ikusi ditut euskaraz kantatzen sareetan, eta inoiz baino euskal artista berri gehiago ezagutu ditut. Honek etorkizunean euskararen erabileran lagunduko duela espero dut.
Zer moduz daramazu pandemia egoera hau? Kontzerturik ba al duzu lotuta?
Oso lasai pasa nuen konfinamendua, etxetik lanean. Orain ere berdin nabil, etxetik lan egiten Madrilen, noiz behinka Donostiara bisitak eginez. Lasai egoteko momentua dela pentsatzen dut, buruari buelta gehiegi ez eman eta egun bakoitzari etekina ateratzeko unea. Erotu egingo gara bestela! Batez ere bidaiatzeko gogoak galtzen nau, baina iritsiko da hori ere laster. Kontzertuei dagokienez, ez dut ezer buruan oraindik. Bigarren kanta bat kaleratuko banu orduan agian hasiko nintzateke pixka bat gehiago horretan pentsatzen. Baina oraingoz, lehen singlen honen bilakaera ikusi nahi dut eta gero gerokoak!
Nola hautematen duzu etorkizuna?
Enpresa arloan nabil lanean orain, eta eguneko ordu gehienak horretan pasatzen ditut. Musika eta aktore mundua ere gustuko ditut ordea, nahiz eta zaletasun moduan ulertzen ditudan oraingoz. Hala ere, ilusio handiz egiten ditudan proiektuak dira eta honetan jarraitzeko asmoa dut.
Beraz, ziur bigarren edo hirugarren abestiren bat entzuteko aukera izango dugula, ezta?
Beste bi kantu jada idatzita ditut eta baita doinua jarrita ere. Grabatzea faltako litzateke. Denbora eta aukeraren araberakoa izango da. Ahal balitz arrebarekin abestea gustatuko litzaidake, askok diote nik baino hobeto abesten duela, eta nik ere badakit hori horrela dela, berari txantxetan ezetz esaten badiot ere -barreak-.