MARIKOBASO GUNE ASKEARI LAGUNDU NAHI?

Azaroan herritar talde batek Derion elkarte eta norbanakoentzat lokal bat zabaltzeko asmoa agertu zuten. Proiektuan herrian izan duen erantzun ona ikusita Marikobaso Gune Askea atontzeko lanetan hasiak dira jada. Bertan, tailerrak, hitzaldiak eta bilerak egin nahi dituzte eta hilabete honetan jarriko da martxan. Honi laguntzeko crowfunding kanpaina bat abiarazi da.

Lokala txikia izan arren, erdigunetik hurbil dago eta, oraingoz, ingurukoen beharrak asetzeko nahikoa izango dela dirudi, hori uste dute behintzat proiektuaren bultzatzaileek. 

Irailean hasi ziren proiektua egituratzen, ilusioz gainezka. Marikobaso Gune Askea hainbat helbururen emaitza da eta herriko hainbat elkartek leku fisikoa izatea ahalbidetu du. Horien artean daude Tximintx euskara elkartea, Koxak talde feminista eta herriko jai batzordea. Proiektuaren bultzatzaileek elkarte gehiago batzea espero dute lokal honen bueltanIzan ere, lekua txikia izanagatik, ondo koordinatuz elkarte ezberdinek erabili dezaketela uste dute.

Datozen hilabeteetan agenda bat sortu eta garatu nahi dute egitaraua ezagutzera emanez. Gune horizontal eta demokratiko honen oinarriak lau zutabe izango direla adierazi dute bultzatzaileek: kultura, feminismoa, euskara eta ekologismoa. Jada lotuta daude zenbait ekintza, hala nola, zaborra biltzeko mendi irteera, truke azoka eta Derioko euskara lantzeko tailerra adinekoekin, besteak beste. Horretaz gain, lokalean liburutegi iraunkor bat ere sortu nahi dute bertan irakurri ahal izateko. 

Crowfunding-a abian
Proiektua osatzeko sustatzaileek dirua biltzeko kanpaina hasi dute Itsulapikoa plataformaren bitartez. Horretaz gain, bazkidetza kanpaina bat ere jarri dute abian. Lagundu nahi izan ez gero sakatu hemen.