Marie de Jongh konpainiaren 'Ama' antzezlana izango da gaur Donostian
Elkar zaintzearen inguruko obra da, eta gurasoez eta alabaz arduratu behar duen, eta horretan esperientziarik ez duen, gizonaren inguruko istorioa du ardatz.
Donostiako dFeria arte eszenikoen jaialdiak aurrera darrai, eta gaurkoan Marie de Jongh konpainiaren AMA obraz gozatzeko aukera izango dute Victoria Eugenia Antzokira bertaratzen direnek. Obrak "pertsona hauskor eta ikarati batzuen berezko indarra" du hizpide. "Goretsi nahiko luke zaintzaren baitan dagoen edertasun epikoa. Guraso zaharren zaintza, apurka-apurka hiltzen doazen horiek, hil ahala gure bizitza zati bat ere haiekin eramaten dutenak. AMAk emozio sakonena dantzan jarriko du, sakontasun hori egunerokotasunetik erreskatatuz, eta han nahastuko dira prosaikoa eta fantastikoa, magia eta oroitzapena, artea eta irria, absurdoa eta tragikoa", adierazi dute ikuskizunaren inguruan.
Jokin Oregik sortu eta zuzendutako lan honetan Ana Martinez, Javier Renobales, Anduriña Zurutuza, Jokin Oregi, Maitane Sarralde, Joseba Uribarri, eta Amets Ibarra dira aktoreak eta ez dute hitzik esango obran zehar. Gainera, zero-maskarak erabiltzen dituzte aktoreek: "Zero-maskarak gure pertsonaiak nolabaiteko desoreka batean jartzen ditu, gizatasuna kolokan jartzeraino, eta ideia hori interesatzen zaigu. Erakargarria irizten diogu, uste dugulako denok bizi garela nola edo hala hari fin horren gainean, muga mehe horretan. Haratago izu-ikara sortzen diguna dago, munstroen eremua. Edo bestela esanda, eromena, jakinda harresirik gabeko muga hori gure baitan dagoela. Horrela, ikuskizun osoan zehar hari fin horretan, orekari lanetan, ikusiko ditugu pertsonaiak, sarri zaila izango delarik jakitea bietako zein aldetan dabiltzan", azaldu dute.
Honela laburbildu dute antzezlanaren kontakizuna: "Mario loft batean bizi da, lantoki eta bizileku den espazioan. Margolaria da, aitaren ofizio berekoa. Aspalditik dabil noraezean, errealitatearen krudelak gaina hartuta. Gurasoak zahartuak daude oso, eta alaba gaztetxoak ere zaintzeko premia handia du. Mario halamoduz arduratzen da haien zaintzaz, sekula ez du ikasi nola egin, sekula ez du jakin nahi izan nola egin. Mariok erronkari aurre egin beharko dio, bidaia iniziatikoa izango da, familiaren baitan, iraganak oraina zipriztintzen duen bitartean, etorkizunik ba ote dagoen jakiteke. AMAk pertsona hauskor eta izutuen baitako sendotasuna du ardatz. Elkar zaintzearen edertasun epikoa balioetsi nahi du. Super-antiheroiei buruzko istorioa da".
Egileen hitzetan, "ez dugu errealitatearen gordina ezkutatzerik nahi, ez makillatu, ez faltsuki gozatu; baina interesantea iruditzen zaigu hori guztia surrealismoarekin nahastea, edo poetikotasun geruza bat eranstea, edertasunak lekua izan dezan".
