Mari Puri Herrerok, Nora Aurrekoetxeak eta Consonnik jaso dute Gure Artea 2022 saria

Herrerori ibilbide artistikoa, Aurrekoetxeari sorkuntza-lana, eta Consonniri arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortu diete.

Gure Artea sariek 40 urte bete dituzte aurten eta arte plastiko eta bisualen arloan lanean ari direnei aitortza egiten die sariketak. "Gure Artea sariek gure arteaz hitz egiten digute, euskal arteaz, edo gure ingurunean edo kontestuan ematen diren arte-sorkuntzaz eta artearen inguruan gure herrian sortzen eta eraikitzen ari den Artearen sistemaz. Gure Artea sariak Artearen euskal sistemaren ikur dira”, azaldu du Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. 

Mari Puri Herrero artista bilbotarrak jaso du ibilbide artistikoa aitortzeko Gure Artea saria, bere “obra zabalagatik” eta “kalitate artistiko bikainagatik”. Mende erdi baino gehiagoko ibilbidea du Herrerok, eta Damaris Pan, Fernando Pérez, Jesus Mari Lazkano, Maite Garbayo eta Mikel Lertxundik osatutako epaimahairen iritziz, “jardunean jarraitzen duen sortzaile berezia da—margolaria, grabatzailea eta eskultorea— eta bere obra irudimenezko hausnarketatik nahiz inpresionismoaren berehalakotasunetik sortua da. Bere obrak figurazio liriko, poetiko bat islatzen du eta erreferentzia sinbolikoz betea dago”.  Euskal Artea ulertzeko "funtsezko figuretako bat" dela nabarmendu dute, "artearen trantsizio-aldi bat bultzatu zuen belaunaldiko kidea". Artearen hainbat arlotan egindako lana eta ikerketa ere azpimarratu dute.

Sorkuntza-lana aitortzeko saria, berriz, Nora Aurrekoetxea bilbotarrak jaso du. Epaimahaiaren hitzetan, “egungo euskal eskulturaren ordezkari nagusietako bat da. Bere lanak eraginkortasunez lotzen ditu artista prestatu izan den diziplina desberdinak (Arte Ederrak, Psikologia eta Sexologia), giza harremanen alde emozionalean eta harreman horiek espazio intimoarekin duten interakzioan sakontzearren. Eskulturaren arloan, nagusiki instalazioen sorkuntzan oinarritzen da bere lana. Horietan hainbat lengoaia uztartzen ditu, besteak beste, testua, performancea eta objektuak —gehienak berak sortuak baina beste batzuk eraldatuak edo testuingurutik atereak—, bere azterlanekin lotutako gaiei buruzko hausnarketa sakonen zerbitzura jarriak, eta gorputzek arkitekturarekin duten harremana aztertzera ez ezik, zeinu eta keinu erritualak edo egunerokoak osatzera ere eramaten dutenak. Hala ere, azterlan horren emaitzek saihestu egiten dute ondorio itxiak ateratzea, askotariko esanahiak eta irakurketak eragiteko asmoz”.

Azkenik, Consonni arte garaikideko ekoizle eta argitaletxe espezializatuari eman diote arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria. Consonnik hogeita bost urte daramatza euskal artearen munduan, eta epaimahaiak adierazi duenez, “kultura kritikoaren ekoizpena” da haren esentzia. “Kultura kritikoa hainbat euskarritatik eta askotariko testuingurutan ekoizten du. Artea eremu hedatu gisa hartuta —literatura, irratia edo hezkuntza—, ehunka jarduera sortu eta bultzatuta, testuinguruko agenteak, publikoak eta artistak erlazionatuta, lurralde-ikuspegi zabal, estetiko eta politiko batetik, artearen eremuari eta haren ertz desberdinei lotuta. Artistei ekoizpen-prozesuetan laguntzeko asmoz sortu zen, haiekin lotura konplize eta estuan, baita prozesuen koiunturazko zirkunstantzietan laguntzeko ere, pentsatzeko, elkarrekin egiteko, ekoizteko, laguntzeko, erakusteko, artxibatzeko eta erlazionatzeko kode bat sortuta”, azaldu du epaimahaiak.