Marea: Tangoa apurtuz



Marea taldeak Montevideon eta Buenos Airesen eskainitako kontzertuei Rompiendo el tango tour 2007 izena jarri zien. Mareakoak bertara iritsi ziren, eta aretoak bete, ikusleak piztu eta aho bete hortz utzi zituzten denak. Taldeak ez du inguru hartan diskorik argitaratu, baina hori ez zen ikuskizuna eta rock ona zabaltzeko oztopo izan. Izan ere, internet zaleak dira bertakoak, eta horrek mugak hautsi ditu. Hesiak ere ez ziren oztopo izan —Montevideon kendu egin behar izan zituzten, kontzertuan bildutakoak ito ez zitezen—, eta beroa ere ez —Buenos Airesko Oscar Galvez autodromoan 100.000 lagun baino gehiago elkartu ziren izugarrizko sargoriarekin, eta jende asko zorabioak jota atera behar izan zuten—. Ezta aretotik jendea kaleratu behar izana ere —La Trastienda de BS As-n bi kontzertu eskaini behar izan zituzten—. Ezer ez zen oztopo izan. Izan ere, oliba biltzaile hauek lasaitasunez eta umorez jakinarazi zieten hori guztia ikusleei.

"Argentinarrak nahi dugun tokian jaiotzen baikara".

Mareakoek ez zuten arrastaka ibili behar izan ikusleek eszenatokira nortasun agiriak ere bota zitzaten; haien pasioa eta haien bihotza eskaini zizkieten. Bertako ikusleek futbol partida bat balitz bezala bizi dute musika; beraien idoloen eskua ukitu nahi duten maniakoak bezala, baina aldi berean, adeitsu. Zoragarria.