Manu Brabo fotokazetariaren 'Black Butterflies' erakusketa jarri dute Gasteizen

Irailaren 4ra arte bisitatu ahal izango da Europa Jauregiaren inguruan kokatu duten erakusketa.

Manu Brabo fotokazetari espainiarraren Black Butterflies argazki-erakusketa dago ikusgai Gasteiz hiribidean, Europa Jauregiaren kanpoaldean. Borrokaldietan erretzen diren etxeetatik irteten diren errautsei deitzen diete soldaduek "Black Butterflies" edo  "tximeleta beltzak".

Mundu osoko arazo sozialak islatzen ditu Brabok bere lanetan. 2007az geroztik, hondamendi naturalen, aldaketa politikoen, altxamenduen, iraultzen eta gerren inpaktuaren inguruan ari da lanean Honduras, El Salvador, Haiti, Bolivia, Kosovo, Libia, Egipto, Siria eta Ukrainan, besteak beste. Sari eta aitorpen ugari jaso ditu, hala nola Pulitzer saria, 2013an, Breaking News Photography kategorian, Siriako gerran Associated Press agentziarekin batera egindako lanagatik.

Irailaren 4ra egongo da zabalik erakusketa, abuztuaren 29tik irailaren 2ra arte Gasteizen egingo den Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldiaren VIII. edizioaren barruan. Jardunaldia kazetaritzako gaurkotasunaren bueltakoa izango da, eta hitzaldiak eta zinema emanaldiak egingo dituzte.