Manifestazioa eta kontzertua, Donostiako gazte auziperatuen alde

Ilegalizazio eta debekuak etenda proiektu politiko guztien bideragarritasuna aldarrikatuko duen manifestazioan parte hartzeko deialdia egin dute Donostiako gazte auziperatuek beste hamaika eragileren babesarekin. Larunbatean izango da, hilak 19, eta arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Bulebarretik. Ondoren, iluntzeko 20:00etatik aurrera, kontzertu bikaina Antiguako frontoian. 


Proiektu politiko guztiak askatasunez garatzeko eskubidea, inkomunikazio-aldien nahiz epaiketa politikoen etena ditu aldarri larunbatean Bulebarretik abiatuko den manifestaldiak. Izan ere, 2007ko urria eta azaroa bitartean, Espainiako Polizia Nazionalak Donostiako 26 gazte atzeman eta horietako 13 espetxeratu eta Espainiako ziegetan zehar sakabanatu zituen. 11 kasutan, gainera, tratu txarrak salatu zituzten. Euren etxeetara itzuli ahal izateko, orotara, 192.000 euro ordaindu behar izan dituzte fidantza gisa eta, orain, hil honen amaieran abiatzekoa den epaiketaren zain daude, zortziri bakarrik eman baitiete absoluzioa. Segi erakundeko kide izatea egozten diete eta zortzi urteko kartzela zigorra eskatu dute beraientzat.

Hau guztia gogora ekartzeko eta salatzeko asmoz egin dute deialdia baina Madrilgo Auzitegi Nazionalean abiatuko den epaiketak eurei eta euren senitartekoei eragingo dizkien gastuei aurre egiteko premia ere badute, noski. Horregatik, kontzertua ere egingo dute Antiguako frontoian egun berean.

20:00etatik aurrera Esne Beltza (Noa diskoa kaleratu berri dute), Des-Kontrol, Ze Esatek eta Hesian taldeak arituko dira oholtza gainean. Antiguako San Joan jaiek badute sona, eta hitzordu honek are erakargarriago egingo ditu aurten; ongi pasatuz ekarpena egiteko beta egokia da, goazen!


Gaiaren inguruan ekaineko zenbakian kaleratu genuen artikulua irakur dezakezu www.gaztezulo.com-en

Eta gazteek eginiko deialdia ikus dezakezu facebooken.