Malen Agirreren 'Kolorea, estanpazioa eta pintura' erakusketa zabaldu dute Donostiako Aiete Kultur Etxean

Irailaren 17ra arte bisita daiteke oleo, akriliko, oihal eta bestelako lanez osatutako erakusketa.

Malen Agirre artista oiartzuarra estanpazio diseinatzaile lanetan aritzen da eta pinturarekin tartekatzen du. Koloretik hasita, hizkuntza estetiko baten etengabeko bilaketan dabil artelanak sortzen.

Erakusketa honetan hainbat teknika erabili ditu: oleoaz eta akrilikoaz gain, oihalekin ere jokatu du eta ohikoak ez diren euskarriak erabili ditu, portzelanako pitxerra, esaterako. Eskala eta forma desberdinetako obrez osatua dago erakusketa, neurri oso handiko eta txikiko mihiseak uztartuta.

Artistaren hitzetan, erakusketa hau orain arte egindako lanik "libre eta erradikalena da", eta bere erosotasun-eremutik atera eta bide berri batean murgildu du, "motibazio, kezka eta gozamenak bultzatuta". 

Malen Agirre (Oiartzun, 1988) Arte Ederretan lizentziatua da EHUn, eta estanpazio digitaleko graduondokoa egin zuen Bilboko Inedi Design School-en. Ehungintzako hainbat marken estanpatuen diseinatzaile lanetan aritu da, eta oihal eta paper margotuak diseinatu ditu partikularrentzat eta dekorazio eta interiorismo enpreseentzat. Honez gain, bere estanpatuen marka propioa ere badu, malen. Bilbo, Donostia, Australia, Buenos Aires eta Bartzelonako galerietan erakutsi ditu bere lanak.

Erakusketa irailaren 17ra arte egongo da zabalik Aiete Kultur Etxean.