Makillatu gabe lan egiteko eskubidea

Egun, lantoki askotan emakumeak behartuta daude makillaturik lan egitera; hegazkinetako laguntzaileen sektorea bereziki zurruna da, baina Virgin Atlantics airelineak arauak aldatu ditu.

Makillajerik gabe eta gonaren ordez galtzekin. Hautu hori egiteko aukera izango dute hemendik aurrera Virgin Atlantics airelinea estatubatuarreko hegazkin laguntzaileek. Gezurra badirudi ere, oraindik airelinea gehienek behartzen dituzte emakumezko langileak makillatzera, eta galtzak ez dituzte guztiek onartzen. 

Hain zuzen, aurten sindikatuek salaketa jarri dute Ryanair airelinaren aurka, bertako emakumezko hegazkin laguntzaileak behartuta daudelako gonarekin lan egitera, eta ez hori bakarrik, zerbitzatzerakoan amantala jantzi behar dute; ez ordea gizonezko hegazkin laguntzaileek. Bestalde, Emirates airelinako emakumezko langileek erabat derrigortuta dute denbora guztian makillatuta egotea, eta uniformea ondo taxututa eraman behar dute. 

Airelinek emakumeei jartzen dizkieten bestelako arauei dagokienez, nabarmentzekoak dira takoien erabilera behartua, galtzeta mota zehatzak, ilearen koloreztaketa zehatza eta etengabe norberaren irudia errepasatu beharra. 

GIZONAK, BESTE KONTU BAT

Hegazkin laguntzaile moduan lan egiten duten gizonek ere badituzte bete beharreko arauak; uniformea zorrotz jantzi behar dute, zapata jakin batzuekin, eta itxura zaindu behar dute; baina ez daude takoiak, gona edota makillajea eramatera behartuta. Gainera, zerbitzatzerakoan ez dute amantala jantzi beharrik.