Maite Larburu (Neighbor): "Bi musikari nomaden istorio sorta da ‘Ura patrikan’ bilduma"
Zortzi urte bertzerik ez zituenean hartu zuen lehen aldiz biolina Maite Larburuk (1979, Hernani). Donostiako Kontserbatorioan musika ikasketak amaitzear zenean hegan egitea erabaki zuen, eta Amsterdamen da orain, Neighbor proiektuan buru-belarri sartuta.
Noiz eta zergatik erabaki zenuen Herbehereetara joatea?
Musika ikasketak bukatzear nituenean erabaki nuen atzerrira urte pare baterako joatea. Hasiera batean, Amerikako Estatu Batuetako musika eskola jakin bat nuen buruan, baina gauzak ez zitzaizkidan nahi bezala atera, eta Amsterdameko Kontserbatorioan onartu nindutenean Herbehereetarantz abiatu nintzen.
Noiz eta nola sortu zen Neighbor?
Duela hiru urte inguru. Josh Cheatham eta ni antzinako musikan espezializatuak gara, eta testuinguru profesional berean egiten dugu lan. Nik biolina jotzen dut eta hark kontrabaxua eta viola da gamba. Erdi brometan, beste mota bateko musika egin beharko genukeela komentatu genuen, nik kantatzea maite dudala eta berak gitarra eta ekialdeko musika tresna asko jotzen dituela aprobetxatuz. Horrela hasi zen guztia!
Hitz guttitan nola definituko zenuke urrian kaleratu zenuten ‘Ura patrikan’ bilduma?
Modu oso intuitiboan sorturiko euskarazko, ingelesezko eta gaztelaniazko kanta sorta da; bi musikari nomaden istorio sorta, musika-tresna berezi askoren hotsak biltzen dituena, sarangia, shakuhachia, shrutia eta viola da gamba, tartean.
Durangon ere ibili zineten, nola joan zen?
Durangoko show case emanaldia gogorra iruditu zitzaigun. Ez gaude halako eszenatokietan jotzera ohituta eta, agian, Neighbor-ek egiten duen musika leku ttiki eta isiletan egiteko aproposagoa da. Hala ere, oso gustura kantatu nuen bertan.
Maite Larburu musikariak margolariaren fazeta ere badu ezkutuan...
Duela lau edo bost urte hasi nintzen margotzen edo, hobeto esanda, margoekin jolasten. Orduan ez nuen uste halako gustua hartuko nionik!
Zenbateraino uztartu daitezke biak?
Terapia moduko zerbait da niretzat margoekin jolastea. Musikarena ere bai, baina nire ogibidea denez, musikak uzten didanean bakarrik hartzen dut pintatzeko beta.
Musikaria ala margolaria, nola definitzen duzu zeure burua?
Ez bata eta ez bestea. Akaso, kolore, hitz eta material ezberdinekin jolastea gustatzen zaion musikaria naiz.
Eleaniztasunak bereizgarritzen zaitu. Zein pisu dute hizkuntzek zure obran?
Lau hizkuntza erabiltzen ditut egunerokotasunean eta lau horietatik hiru uztartu ditut bilduman. Hizkuntza bat baino gehiago hitz egiteak neure burua modu ezberdinetan adierazteko aukera ematen dit, pertsona bat baino gehiago izateko aukera. Eta hori oso aberasgarria zait.
Zuen musikak zentzu berdina al du Herbehereetan eta Euskal Herrian?
Musikak edonon du zentzua, edo inon ere ez...
‘Ura patrikan’ da zuen lehendabiziko lana. Aurrerantzean, zein erronka nagusi dituzue?
Zuzenekoak ongi defendatzea eta gure arteko neighbor kolaborazio honekin esperimentatzen jarraitzea.
Bukatzeko, proiektu honez gain, ba al duzu bertzerik martxan?
Neighbor-en antzekorik ez, bakarra da berezitasun horretan. Baina antzinako musikari loturiko proiektu ugaritan nabil, Pantomime ganbara musika taldea da horietako bat, eta hilabete honetan Japonian ariko gara.