Maitasun kontuak



Pentsatzen dut irakurtzen didazuenetako batzuen inguruak bortizkeriz inguratuak direla. Etxe barnekoaz, karrikakoaz, lanekoaz ala bestelako bortizkeriaz. Ene lagun batek erran ohi du garaika etortzen direla horrelako boladak; nik, berriz, batzuetan biolentzia besteetan baino bortitzagoa dela uste dut. Eta maitasunak ere beti inguratzen gaitu, baina gutxiago ikusi ohi dugu. Horra, beraz, maite zaituztedan batzuentzat, maitasun hitzak, gorroto boladan; egun bihotza baitut begiko.

Behin batean, Baionan, manifestazioa izan zen, ondotik zakarrontzi batzuk kixkali zituzten, eta gero, ostatu batean topo egin genuen. Geroztik, ohidurak ez dira galdu. Halako batean, jin zinen enegana, eta aspaldiko maitasuna aitortu zenidan hitz mozkortu batzuetan. Orduan, aho zabalik geratu nintzen, neskalaguna banuela eta ez dakit zer, deus ere erran gabe. Orain, berantarekin eta beharbada bide txarretik, nik ere maite zaitudala diot. Muxu bat zuri.

Beste batean, Parisen, CPE famatuaren kontrako manifestazioan zinen enekin, argazki tresna eskuetan. Aitzina joan ahala, bandera beltz eta gorri baten atzean ibili ginen, Bastille aldean. Orduan papertxoak banatu zituzten, manifa paralelo bat eginen zutela anarkistek, eta bandera beltz eta gorriaren atzetik ibiltzeko.

Hala egin genuen. Orduan Kazetaritza Eskolan ginen biak, eta horrelakoei «scoop» esaten genien; huts egin ezinak, funtsean. Halako batean, korrika joan ginen banderaren atzetik, karrika perpendikular batera, eta CRSak han ziren zain, armak eskuan. Karrika zerratu zuten, baina gazteak haien artetik pasatzen hasi ziren, ni ere bai, eta zu ez. Jiteko erran nizun, zuk ezetz, nik baietz, eta azkenean, ezetz. Zuregana joan nintzen, argazki tresna eskuan. Maitasunez egon nintzen, eta eskerrak noiz emanen dizkidazun jakin nahi nuke.

Beste behin, eskaladan ari nintzen zurekin, pareta paraleloetan; ni beldur handiarekin eta zu, konfiantza osoz. Halako batean, sekula gertatzen omen ez dena gertatu zitzaidan, eta soka hautsi zen. Ene beso meheetan zintzilik egon behar izan nuen, laguntzaren zain. Ai amaka hasi ni, eta lasaitasun hitzekin, zu. Maite zaitut. Nik ere bai.

Edozein borrokak badu balioa, baldin eta maitasunarekin eramaten badugu. Barkatu, irakurle, denbora galarazi badizut.