Maitane Bautistaren lana ikus daiteke Donostiako Aiete Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoan

Martxoaren 17ra arte izango da bisitatzeko aukera.

Maitane Bautista ilustratzailearen lana ipini dute Aiete Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoan. Teknika digitalak erabiltzen ditu bere sorkuntzei bizia emateko, programa digitalek eskaintzen dituzten ehundurei eta efektuei etekina ateraz. Bere helburu nagusia fantasiarekin modu sotilean konektatzen diren munduak eraikitzea da, eskalak eta koloreak arakatuz, irakurle gazteen irudimena suspertzeko.

Maitane Bautistak (Mungia, 1996) Sorkuntza eta Diseinuko Gradu ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Ilustrazioari loturiko ikasgaiak izan zituen bere formakuntzan eta horrek piztu zuen haur-ilustrazioarekiko duen interesa. Ibaizabal argitaletxearekin hasi zuen ilustratzaile ibilbidea eta bi urtez testuliburuak sortzeko prozesuan laguntzeko aukera izan zuen. 

Haur Literaturan bi liburu ilustratu ditu: Vivim del cuentu kolektiboak idatzitako Olentzero ipuinen herrialdean (Ibaizabal, 2022), eta Nahikari Gabilondok idatzitako Tximeletak eta gozokiak (Ibaizabal, 2022) 

Egun, Bilboko Rombau estudioan egiten du lan, ilustratzaile eta diseinatzaile-grafiko. 

Erakusketa martxoaren 17ra arte egongo da zabalik.