Maisulanak ala iruzurrak?

Heldu da zine aretoetara The happening, M. Night Shyamalan zuzendariaren film berria, eta beti bezala, eztadaida piztu da berriro: zer da Shyamalan? Maisua ala iruzurgilea? 


Esan izan da M. Night Shyamalan zinema garaikideko jenio bakan horietakoa dela. Hainbatek Hitchcock eta gisakoekin konparatu izan dute. Beste askorentzat, ordea, tranpati hutsa da, artifizioz beteriko zinemagintza egiten duen izar mediatikoa; Tarantinoren gisa, birziklapenaren artea bere onerako erabiltzen duen aprobetxategi huts bat.

Laburbilduz: ez dago adostasunik M. Night Shyamalanen inguruan, ezta erdibiderik ere. Maitasuna ala gorrotoa, miresmena ala erdeinua, ikusmina ala mesfidantza. Hil honetan The happening film berria estreinatuko da, eta pentsatzekoa da jarrera bateraezin horiek bere horretan segituko dutela.

Shyamalanen lehen bi lanek –Praying with Anger (1992) eta Wide awake (1996)— ez zuten batere oihartzunik izan. Lehena autobiografiko samarra da; AEBetan ikasi ondoren, Indiara itzuli eta arrotz sentituko den ikasle baten istorioa kontatzen baitu. Shyamalanek berak jokatu zuen rol protagonista.

Lurrikara 1999an etorri zen, The sixth sense filma estreinatu zenean. Suspentse psikologikoa izeneko generoa baliatuz, filmak arrakasta komertzial itzela lortu zuen, eta batzuek Psycho (1960, Alfred Hitchcock) edo The Exorcist (1973, William Friedkin) filmekin parekatu zuten. Oscarretarako sei izendapen lortu zituen —haien artean, film eta zuzendari onenarenak—, eta M. Night Shyamalan zuzendari izarren mailara eraman zuen.

Baina handik aurrerako lanak gorabeheratsuak izan dira. Hurrengoa 2000. urteko Unbreakable izan zen, berriro ere Bruce Willis protagonista zuela. Beharbada, bere filmik onena da, baina ez zuen ikusleen eta kritikaren onespena jaso.

Hurrengo biekin —Signs (2002) eta The Village (2004)— zuzendariak suspentsean eta mundu fantastikoan murgiltzen jarraitu zuen, baina bere izarra itzaltzen hasia zen. Ondoren heldu zen Lady in the water, bere lanik eztabaidatuena: maisulan erabatekoa, zenbaitentzat, adar-jotze egozentrikoa, besteentzat. Hori bai, komertzialki porrot handia izan zen.

The happening
da Shyamalanen proposamen berria; giro apokaliptikoan gertatzen den istorioa, Mark Whalberg eta John Leguizamorekin. Film honen ostean, argituko da, behingoz, galderaikurra? Zer da Shyamalan? Jenioa ala sekulako iruzurgilea?