Mairu Antzerki Tailerraren 'Intxaurra' antzezlanak jasoko du 'Arnasguneak' beka
Gaixorik dagoen Terexaren eta gaitza duen intxaurrondoaren inguruan ardaztuko dute antzezlana. Datorren urtean estreinatuko dute obra Azpeitian.
UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin abiarazitako Arnasa gara kanpainaren baitan, Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka sortu dute aurten, arnasguneen garrantzia jendarteratzeko antzezlan bat sortzeko. Aurkeztu diren bederatzi egitasmoak aztertu ondoren, epaimahaiak Lesakako Mairu Antzerki Tailerra izendatu du irabazle, Intxaurra antzezlanagatik. Guztira 23.000 euro jasoko dituzte, antzezlana bekaren oinarrietan zehaztutako baldintzen arabera sortzeko eta ekoizteko. Sormen prozesuan Dinamoa Sormen Gunea erabiltzeko aukera izango du taldeak eta antzezlana 2022ko Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko dute.
Gaixorik dagoen Terexaren istorioaren bidez islatuko dute arnasguneen garrantzia antzezlanean. Taldeak honela laburtu du proiektuaren nondik norakoa: “Terexa gaixorik dago, baina bera ez du bere osasun egoerak arduratzen, etxeko intxaurrondoaren osasunak kezkatzen du, intxaurrondoak ere gaitza baitu. Onddoren batek kalte egiten dio, eta fruituak, kanpoko azal eta guzti erortzen dira lurrera. Azalak intxaurrak ito eta usteltzen ditu. Terexak ez du sendagaiarekin asmatzen. Larritasunak, gaixotasunarekin batera, Terexa itotzen du. Gero eta nekezagoa zaio arnasa hartzea. Terexaren sentimenduen eta emozioen bidez, inguratzen gaituen ekosistemak, inguratzen gaituzten baldintzek, guregan duten eragina azaleraztea da antzezlanaren asmoa. Inguruko baldintzek eta ezaugarriek eragiten dutelako herriengan, hizkuntzengan, jendearengan… inguratzen duten lurrek landareengan eragiten duten moduan”.
Manex Fusch izango da antzezlanaren zuzendaria, eta "inguratzen gaituen ekosistemak guregan duen eragina" islatuko du taldeak, Gaizka Sarasolak idatzitako testuan oinarrituta. Aktoreak, berriz, Ainara Ribera, Gaizka Sarasola, Iban Garro, Josune Etxepare, Juanen Saralegi eta Ritxi Abril izango dira. Horiez gain, Ibai Gogortzak (soinu diseinua), Andoni Mendizabalek (argi diseinua), Eduardo Condek (atrezzoa eta eszenografia) eta Martxel Rodriguezek (ekoizpena) osatuko dute taldea.
Mairu Antzerki Tailerraren Intxaurra saritzeaz gain, epaimahaiak Arnasguneak antzerki sorkuntzarako deialdi honetan jasotako proposamen gehienen kalitatea eta garrantzia nabarmendu du. “Kalitate handiko hainbat egitasmo interesgarri” izan direla aipatu du epaimahaiak: “Ez da erraza izan erabakia hartzea, baina ez non aukeraturik ez zegoelako, kontrakoa; ezinbestean lan bakar bat saritzera behartuta, interes handiko beste zenbait lan bidean geratu dira”.