Maiatzean kirola egiten hasteko gomendioak
Datorren asteburuan baliteke azkenik kalera irteteko aukera izatea, baina kontuz lehen egunean maratoi bat egitearekin!
Urduritasuna nabaria da guztiongan; asteburu honetan haurrak kalera atera dira, eta etxean jarraitu dugunok ezin izan diogu inbidia puntuari eutsi. Kezkatuta gaude, maiatzaren 2ko irtenaldia ez delako ziurra, eta aldi berean, hasi gara kilometro bateko erradio horretan egingo dugunarekin amesten. Pandemiaren datuak positiboak badira 40 egunean lehen aldiz paseatzeko eta kirola egiteko baimena emango digute, baina kontuz; ia bi hilabete etxean egon ondoren, ezin dugu hala moduan ariketa fisikoa egiten hasi.
Itxialdiak iraun duen egunetan kirola egin baduzu ere, gorputza kalera moldatzeko denbora beharko dugu; ez bakarrik fisikoki, psikologikoki ere egun bat baino gehiago beharko dugu errealitate berrira ohitzeko. Bi hilabetetan egin dugun bidaia luzeena (telelana egin ez dutenek) lanera edota supermerkatura joatea izan dira, eta baliteke kalera irteten garen lehen egunean arrotz sentitzea. Horrekin batera, gogoratu behar dugu larrialdi egoera ez dela amaitu, osasun langileek hortxe jarraitzen dutela osasun krisi hau gainditzeko lanean, eta beraz, ez dugula distantziamendua ahaztu behar.
Guzti hau buruan izanik, ez da gomendagarria lehen egunean kirola modu intentsiboan egitea; adituek pixkanaka hasteko gomendioa luzatu dute, gorputzari egoera berrira ohitzen laguntzeko. Noski, lehen egunean energiaz beterik sentituko gara eta sekula korri egin ez dutenek ere maratoi bat egiteko irrika sentituko dute; baina komenigarria da gogoratzea ez dela lesionatzeko unerik egokiena, eta irtenaldi hauen helburua gure osasuna zaintzea dela, ez okertzea.
Orduan, zer egin behar dugu lehen egunean? Oso erraza; hasi poliki-poliki, bakoitza bere mailan. Kirolari profesionalek ondo dakite entrenamenduaren lehen egunean ezin dutela %100 eman; kirolaria bazara, hasi oinarrizkoenetik, eta kirolik sekula egin ez baduzu hobe paseo bat ematen baduzu, zure gorputzak eta garunak eskertuko dute.