Maialen Huarte Arano: "Kazetariontzat, une oro da ona zoramenerako!"

Euskalerria irratiak 25. urteurrena du aurten, Maialen Huarte (Ihabar, 1988) duela bi hasi zen bertan esatari. Irratsaio erotiko bat egiteko proposamena helduz gero, argi du bera ibiliko litzatekeela gidari lanetan!


Iruñerritik mundura begira aritzen zara egunero. Sexuan geografiak ba al du mugarik?
Sexuan mugarik dagoenik ez nuke esanen, norberak jarritako mugak baizik!

Nolakoa zara intimitatean?

Irratian bezain goxoa, eta lotsatia bezain sutsua. Intimitateak sortzen duen giroan ez dago etenik ez mugarik. Sor daitekeenerako beti prest!

Zerk pizten du Maialen Huarte?

Pizten jakinen duenak. Modu naturalean zirikatzeak, barre eginarazteak eta ondo pasatzeko prest dagoenak, ezusteko sujerentziek eta morboak. Begiradarekin xamurtzeak...

Eta zerk itzali?

Sua pizten gaizki moldatzen denak.

Irratsaio erotiko bat egitea proposatu dizute..
.
Gidari lanetan ni! Mikrofonoaren atzean gertatzen ari denaren ahotsa izango nintzateke, gertatzen denaren parte ere izateko.

Galdera tipikoa: ahots ezaguna izateak laguntzen al dizu ligatzen?

Ahotsak erakar dezake, baina gehiago behar izaten da ligatzeko… Batzuetan xuxurlatzen hasita ere nire aldera ekarritakoa naiz! –barrez–.

Larrutan aritzeko soinu bandarik aproposena?

Gogorra edo xuabea, ozena edo baxua, rocka nahiz popa, heavya edo reggaea… uneak eskatzen duena!

Eta horretarako txokorik kuttunena?

Gozatzeko aukera emanen duen edozein izkina izan daiteke ona. Aukeran, ohetik kanpoko txoko ezkutuak ditut nahiago.

Inoiz egindako erokeriaren bat aitortuko al diguzu?

Erokeria edozer izan daiteke; non, nola, zer eta norekin egiten den izaten da eromena... Kazetariok irudimentsuak omen gara, beraz, zoramenerako une oro da ona!