Maia Kurutxet: Euskal Herrian, pentsatzen ikasi aurretik dakigu zer pentsatzen dugun"
Maia Kurutxet. 28 urteko eta XXI. mendeko marrazkilaria. Xibiouz arropa markaren sortzaile eta arduradunetako bat. Munduan hamaika buelta eman ondoren, gaur egun Donibane Garazi eta Gernika artean saltoka bizi da. Bere marrazkien irudimen eta bizipoz bera transmititzen du. Baikortasun hori itsasi digu GAZTEZULOko maiatzeko zenbakian egindako elkarrizketan.
Sorginen habitik, Donibane Garaziko paisaia heze eta berdetik, dator Xibiouz arropa marka. Sorginek marraztutako jantziak direla esaten badugu, ez diogu egia osoa, baina komeni da, badaezpada, aurkakoa ere ez sinestea. Oihalak, goroldioa bezain leunak eta enborrak bezain erresistenteak, erabilgarriak, erosoak, baina, era berean, dotoreak. Oihal hauek, gainera, marrazkiz apainduta azaltzen dira, eta hauxe dugu, akaso, Xibiouz arropa markaren ezaugarri nagusia: irudimenaren eta fantasiaren mundutik sortutako marrazki bitxi hauek.
Hiru lagun daude Xibiouz markaren atzean: Cedric Duplessis, Silvie Doxaran eta Maia Kurutxet. Maiak egiten ditu marrazkiok, eta, ia konturatu gabe, istorio bat kontatzen du marrazki bakoitzean. Modernotasuna eta nortasuna uztartzen dituen marka da Xibiouz, eta halakoxea da Maia bera ere: alde guztietara lotsa gabe zabaltzen den zuhaitza, baina sustrai sendokoa, lurrari irmoki lotutakoa.
Euskal Herrian jaio arren, oso gaztetik sorterria utzi zuen, gurasoekin batera munduan zehar ibiltzeko. 16 urterekin, ordea, etxeratzea erabaki zuen, eta hain zen erabaki serioa, ezen eta guraso gabe itzuli baitzen, bakar-bakarrik, bizi berri baten bila. Ez da harritzekoa, honenbestez, 30 urte ere bete ez dituen neska hau Euskal Herriko arropa markarik garrantzitsuenetako baten ardatza izatea. Direnik ez da sinestu behar, ez direnik ez da esan behar; garai batean, hori esaten omen zuten sorginei buruz Euskal Herrian. Xibiouzek esaldia bere egin zuen, eta, ordutik, gazteak sorgitzen ditu bere arropaz.
Nola sortu zen Xibiouz?
Nire lehengusinak eta bere mutil lagunak marka bat egin nahi zuten. Parisen bizi ziren, baina hona nahi zuten etorri, hemengo lasaitasunera. Nire lehengusinak, bestetik, betitik izan zuen sorginekiko halako lilura Nire lehengusinarekin ez nuen oso harreman estua (sei urte gehiago ditu), baina berak bazekien ni marrazten aritzen nintzela; horregatik bururatu zitzaion nik ere zerbait egin nezakeela. Deitu zidan, ea interesik nuen, eta horrela hasi ginen.
Zu Bordelen zeunden orduan...
Hala da, baina Euskal Herriari buruz asko ari nintzen irakurtzen, legendak eta. Hasieratik, asko interesatu zitzaidan nire lehengusinaren proposamena. Asko mintzatu ginen hasieran. Cedric Paristik zetorren, eta markarekin hemengo nortasuna nahi zuen islatu, baina ni ez nengoen ideia horiekin oso ados. Ezar dezakegu ikurrina ttipi bat, esaten zuen. Horrela hasten bagara, nik ez dut deus marraztuko, esan nuen nik [kar, kar]. Nik artea sartzea defendatzen nuen. Eztabaida polita izan genuen, eta, azkenean, arropa eta artea uztartzea erabaki genuen.
Alegia, nortasuna artearen bidez agertzea esan nahi duzu.
[Luze pentsatu du] Ez dakit hori den. No Logo izeneko liburua irakurri berria nuen, eta pentsatzen nuen marka bera izan zitekeela halako proiektu bat, adibidez sorginen inguruan. Arropa bakoitzak marrazki bat izango zuen, eta, horrela, bakoitzak bere nortasuna izango zuen. Hor ikusten dut nik nortasuna. Ez da beharrezkoa jantzi bakoitzean Xibiouz jartzea.
Toki askotan bizi izanak eraginik badu zure lanean?
Bai, ni urteetan deserriratua izan naiz, nire aitaren lanagatik. Haitin, Tunisian, Parisen, Bordelen Azkenean, AEBetara joan ginen, eta nik handik itzultzea erabaki nuen. Hustonen bizi ginen, Texasen, eta 16 urterekin ezin nuen horrelakorik jasan. Orduan eskola erlijioso batean sartu behar izan nuen [kar, kar], nire gurasoek ez zutelako nahi nik apartamendu bat hartzea
16 urte zenituen?
Bai, ulertzekoa da.
Artea ikusteko, kaleko ikuspegia duzu, nondik datorkizu hori?
Bordeleko garaiaz. Han ikasten aritu nintzen, eta han kaleko asko barneratu nuen. Nire lagun guztiek graffitiak egiten zituzten, eta, nik artea egiteko modu hori beraiek bezala ez bizitu arren, nire egin nuen. Asko identifikatzen naiz artea ikusteko modu horrekin. Eskolan bi joera zeuden, eta joera tradizionalekoek graffitiak mespretxatzen zituzten, ustez dekoratiboa delako. Beraien ustez, obra batek mihisean egon behar du, eta oso gogoeta sakon baten ondorioa izan behar du, eta hilabeteetan landutakoa. Nik ez dut uste horrela denik. Beti kalean izaten nintzen, han (eskolan) irakasteko zuten modua ez bainuen batere ulertzen, eta karrikan pintatzen hasi nintzen, baina ez spray-az, brotxaz baino.
[Xibiouz-en web orria edota publizitate esku-orriak ezagutzen dituenak ederki dakienez, Xibiouzekoek oso kutsu kaletarra dute, urbanoa. Txatarra gainean paratzen dira argazkiak ateratzeko, burdinezko paisaiaren erdian Gaur egun, joera aldizkarietan eta abarrekoetan oso ondo txertatzen den estetika dute Xibiouz-ekoek, baina, ondoan, badute beste zerbait, sano antzekoa-edo. Maiarekin hitz egiterakoan ere, aise igerri daiteke izaera herrikoi eta apal hori, tolesdurarik gabekoa, umoretsua, baina ez hipokrita. Donostian egindako elkarrizketaren ondoren, film labur baten errodajearekin egin dugu topo, eta filmeko gezurrezko ertzainen alboan egin dugu argazkia. Harro ageri da, beldurrik batere gabe. Ahaztu dut Xibiouz arropa ekartzea argazkietarako, aitortu du, irri batean: Buru hau!].
Bakarrik neskentzako arropa egiten duzue.
Hasieran mutilentzako elastikoak egin genituen, sinpleak, marrazki batekin baina gero ikusi genuen, batez ere Frantzian, mutilentzako eta neskentzako dendak ezberdinak direla. Nesken arropa han edo hemen jartzea errazagoa da, errazago saltzen delako. Guretzako mutilentzako arropa egitea biziki konplikatua zen.
Markaren arrakasta nondik dator?
Hastapenetik gure ideiak defenditu ditugu. Horrelako lanetan segituan etortzen zaizkizu kanpotik: Ez, hori horrela egin behar duzue, eta abar. Zure norabidea aldatzen saiatzen dira. Komertzialak ere baditugu, eta horiek jendeak zer nahi duen esaten digute. Guk beti baietz esaten dugu, baina, azkenean, geureari eusten diogu. Gero, gainera, halako une kritiko hori pasatuta, gure ideiek indar berezi bat hartzen dute, eta hori marrazkietan islatzen saiatzen naiz.
Inoiz esan dizuete zuen marrazkiek ipuinetakoekin antza daukatenik?
Bai, bai. Jende askok esan digu. Irudi du zure marrazkietan istorioak badirela, esaten didate. Adibidez, arropa batean euria marraztu dut, eta gero lore bat, horrela, pixka bat dekoratzeko moduko marrazkia; bada, horietan esaten didate diseinua ez dela oso Xibiouz. Esan izan digute, baita ere, ikastoletako haurrek asko maite dutela Xibiouz, eta nik uste dut horregatik dela, badagoelako beti istorio bat.
Probokazioa ere erabiltzen duzue, ezta?
Bada nolabaiteko jokoa. Bling-bling kolekzioa azaltzeko kontzeptu sexy bat sortu genuen, web orrian. Nik biziki maite dut estilo hori. Beti saiatzen gara kolekzio bakoitza kontzeptu batekin lotzen, eta horren arabera diseinu guztia egiten, baita argazkiak ere. Iaz, adibidez, Donibane Garazin desfilea egin genuen kolekzioa aurkezteko, eta dantza talde bat deitu genuen, Orthezekoa. Gurekin lanean aritu ziren, eta gure arroparekin koreografia bat egin zuten, txalapartaren soinuaz eta sorginen inguruan.
Urteetan bidaiatzen ibili ondoren, hemen bizi zara orain. Esan izan duzu, hona etortzeak bazuela zure nortasuna bilatzeko asmoarekin harremanik. Orain, toki finko batean, ongi bizi zara?
Gurasoekin kanpoan ibili nintzenean banuen nire herria zer zen eta ni nondik nentorren jakiteko premia, eta horregatik itzuli nintzen. Gero lau urtez jarraian Baigorrin bizi izan nintzen, eta orduan ikusi nuen herri batean geldi egotea ere ez dudala sobera maite. Bidaiatzea asko gustatzen zait, eta, oraindik ere, uste dut nire orekaren parte bat bidaiatzea dela, mugitzea. Nire bizitza hemen eraiki nahi dut, baina ez geldi egonez. Aurten, adibidez, bizpahirutan izan naiz Txinan, eta Portugalera ere asko joaten naiz, han egiten baitugu arropa.
Bai, eta pozik nago. Bi mundu dira, oso ezberdinak.
Txinan izan zarela esan duzu; nola egiten da irudi aldetik horren indartsua den inguru batean ibili eta kopiatzeko tentazioa uxatzeko?
Egiten dudan guztia nahasketa da. Marrazki bat egiteko, handik eta hemendik hartzen ditut ideiak eta irudi zatiak. Batzuk internetetik hartzen ditut, beste batzuk kaletik Ordenagailuan hamaika fitxero dut, Txoriak, Natura , gaika antolatuta, eta, barruan, ehunka irudi. Gero, adibidez, koaderno bat eskutan badut, marrazten aritzen naiz, eta, azkenean, dena nahasketa bat da.
Joera asko dago tabernetan, postaletan, eta bestelakoetan Euskal Herriko gauza topikoak baliatzeko: piperrak, xisterak, olatuak, ikurrinak Zuk, nolabait, erakusten duzu ez garela hori, ezta?
Oso garrantzitsua da. Nik argi nuen ezin nuela piperrik egin. Hasieratik hitz egin nuen horretaz: Zer dugu inguruan? Bada, piperrak!. Guk, geure nortasunarekin zerikusia zuen zerbait egin behar genuen, geure nortasunarekin: Cedric, Sylvie eta Maiaren nortasunarekin.
[Frantziako zatiketa administratiboa dela eta, Ipar Euskal Herriko autoek 64 zenbakiko matrikula eramaten dute. Oso ezaguna da Frantzia osoan Kantauriko kostaldea 64 dela. Ideia hori hartuta, duela urte gutxi 64 izeneko marka sortu zen, eta, gaur egun oso arrakastatsua da Frantzian. Ehunka saltoki dituzte dozenaka herritan, pegatinak saltzen dituzte, giltzak eramatekoak, biserak Xibiouzek horrekin guztiarekin zerikusirik ba ote du? Maia ia haserretu egiten da gauzak egiteko modu horrekin].
Horrelako bide komertzialik ez zenuten hartu nahi?
Ez! Askotan esaten dute: A! Iparraldeko marka bat: lehenik 64, orain zuek . Nahi gabe, askotan entzun behar izan dugu horrelakorik. Marka bat gara, bai; Euskal Herrikoa, bai; baina ez dugu kontzeptu hori lantzen. Marrazkiak, koloreak, sormena hori da guk lantzen duguna. Beste zerbait da.
Batzuek saltzea dute asmo bakar
Nik gorroto dut ikuspegi hori. Nik indar guztia egiten dut artea marka baten barruan sartzeko. Bai saldu behar da, baina salmentaz aparte zerbait eman behar diozu bezeroari. Nik sentitzen dut nire barruko zerbait ematen dudala. Produktu bat da, egia da, baina ezin da produktua edozein modura egin. Piperrak marraztu, eta kito! Orain, adibidez, 4+3 marka sortu da. Tipoa ezagutzen dut, bikaina da, baina, modu batean, sistema bera erabiltzen du. Egia da 4+3 kontzeptuak ideia bat defenditzen duela, baina horretarako ez da marka bat sortu behar. Badira pertsona batzuk horren alde borrokatzen direnak (4+3-ren atzean dagoen ideiaren alde), eta serioski. Euskal Herriaren alde, hobe da geure sorkuntza erabiltzea, eta hori handitzea, eta nik bide hori hautatu dut, nire pinturarekin. Euskal Herrian ibiltzen naiz, munduan ibiltzen naiz, eta toki guztietan defenditzen dut ideia hori.
Esan nahi duzu ideia politiko baten gainean marka bat egitea ez dela aproposena?
Bai, zeren eta politikan gauza asko pasatzen dira, eta elkarteek edo alderdi politikoek sor ditzakete horren inguruko elastikoak, eta dirua atera. Hori beraien betebeharra da. Hori, ordea, ez da marka bat. Marka bat produktu bat da. 64-k, adibidez, oso ideia ona izan zuen. Frantzia osoan nahi dute denek elastiko horiek jantzi. Tipo horrek esan zuen: Malibu Beach-en elastikoak sortzen badituzte, guk badugu geure nortasuna; beraz, guk ere egin dezagun. Orain, adibidez, marrazkiak ikusten badituzu, ez dute zentzurik, ez dute deus esaten.
Azken urteetan fenomeno bitxia gertatu da: betiko marka boteretsu eta erraldoien joko zelai berean marka txikiak ugaritu zarete, eta askok arrakasta ederra lortu duzue; hemen badira adibide argiak: Loreak Mendian, Kukuxumuxu, Skunk Funk
Bai, bitxia da. Handitzen ari gara, nazioartean tokia egiten Skunk Funk oso ondo ezagutzen dut, Gernikan bizi naizelako (hango marka da), eta, nolabait, geure konpetentzia dira [kar, kar] badugu antz pixka bat, koloreetan eta forman (ez marrazkietan). Guk, adibidez, Frantziako Kosta Urdinean ez dugu batere saltzen; ez da harritzekoa, ez baitira geure bezero naturalak. Guk beste publiko bat dugu, eta hemengo marken artean bada lotura hori: egiten ditugu arropak bezeroa ongi sentitzeko, eroso, ez super-pinpirin joateko. Loreak Mendian biziki maite dut, beraiek ere harreman handia dutelako artearekin.
Hegoaldetik ikusita, Donibane Garazik irla bat ematen du, oso urruneko irla bat.
Baigorrin, adibidez, hegoaldearekiko lotura estutzen saiatzen ari dira azken urteetan, Elizondorekin eta abar. Uste dut hegoaldetik jende gutxi mugitzen dela iparraldera.
Akaso gu gara, hegoaldekoak, isolatuta gaudenak.
Nire ustez beti da jende bera mugitzen dena. Batzuk beti isolatuta bizi dira, eta beste batzuk beti mugituz.
Azken urteetan asko entzuten dugu Donibane Garazi kulturaren alorrean, antzerkian eta abar; bada girorik?
Nire inguruan jende asko ezagutzen dut a tope mugitzen ari dena, bihotzarekin. Haiek segitzen badute, beti izango da zerbait. Hala ere, inguruan ez da deus. Gauzak oso zailak dira han. Zure semea ikastolan sartzen baduzu, adibidez, inguruan azaldu behar duzu hori zergatik egiten duzun, euskara ez delako beharrezkoa. Frantsesa nahikoa da komunikatzeko; orduan, zertarako euskara? Egoera, oraindik, hori da. Nik baditut lagun asko Frantzian, eta askotan entzuten dut euskara eguneroko bizitzan ez dela nahitaezkoa. Esaten duzu zure bihotzean dagoela, zuretzako garrantzitsua dela, baina ez dute ulertzen. Ideia jakobinoak dituzte: denak berdinak izan behar dugu. Agian azken aldian pixka bat ohartzen ari dira hizkuntzak inportanteak direla, zeren, konturatzen bazara, frantziarrek ez dute ingelesik edo beste hizkuntzarik hitz egiten. Hori oso txarra da, arazo bat. Konturatzen ari dira, eta pixkanaka aldatuko da. Ez dakit, adibidez, azken hauteskundeetan, Izuran, alkatea aldatu zen. Hiru mende ziren hor zela, eta, voilà, jada ez dago hor. Orain gazteak daude.
Politika maite duzu?
Ez dakit asko, baina entzutea gustatzen zait. Baigorrira iritsi nintzenean den-dena galdetzen nuen. Harrituta geratu nintzen, batzuek ez zutelako hitz egin nahi. Nik jakin nahi nuen, jakinmina banuen, baina ikusi nuen jende askorentzako oso gai zailak zirela horiek. Uste dut Euskal Herrian oso azkar ikasten dela zein den izan beharreko jarrera, baina ez dakigula oso ondo zergatik. Pentsatzen ikasi aurretik dakigu zer pentsatzen dugun. Istorio gogorrak izandako herrietan asko gertatzen da hori. Ez gara neutroak, eta ezin dugu handitu, kritika konstruktiboa eginez handitu. Euskal Herriarentzako hori pena
da.
Batetik bestera ibiltzen zara. Gernikarako bidean zer aurkitu duzu?
Hemen jendea kalean bizi da. Frantzian, kalean ibiltzerakoan, beldurra izan behar duzu, auzokoarekin beldurra. Hemen jendeak elkarrekin asko hitz egiten du. Kalean bazaude argazkiak egiten, agian norbaitek galdetuko dizu zer ari zaren, jakiteko bakarrik, eta mintzatzen hasiko zara. Hori asko maite dut.
Maia Kurutxeten kuttunak
Musika: Jurassic 5. Aupa funkya eta hip-hopa; erritmoa malguki dardarazten da hau da euria egunarentzat
Liburua: No Logo, Naomi Klain. Nire lanerako asko balio izan dit.Kontzertu bat: Saint Germain, Bilboko La Casillan. Oso kontzertu berezia izan zen.
Jatekoa: Axoa. Haragi askorekin egindako nahasia da, oso-oso goxoa.
Edatekoa: Cognaca. Gogor eta suabe at the same time .
Eguneko tenorea: Ohera joateko unea: Sexo a tope!.
Diseinatzailea: Kenzo. Lerro sinpleak atzematea zailena da; ezer ez da soberan, eta edertasuna egoten da gero oihalaren koloretan, pintura bat bezala