Madeleine taldeak 'Gure etxea' abestia estreinatu du

'Ezin dena' disko berriaren aurrerapen kantua da eta musika talde batean ibiltzeari buruzko metafora da. Disko osoa uztailaren 2an kaleratuko dute.

Madeleine taldea bueltan da eta Gure etxea izeneko singlea kaleratu du disko berriaren aurrerapen gisa. Madeleinen estiloaren adibide argia da abesti hau, eta taldekide den Gartxot Unsainek adierazi digunez, "musika talde batean ibiltzearen metafora da". Taldeko partaide izandako Xabier Egibar musikariak kolaboratu du kantuan eta berari egindako omenalditxoa dela azaldu du Unsainek: "berak kantatzen du baina guk ere berari kantatzen diogu". 

 
Abestia Ezin dena izeneko disko berriaren parte da eta aurreko lanaren (Su hura, 2018) jarraipena dela adierazi dute, “paisaiak bai, baina kantu borobilak” ere badituena. “Gitarra-joko ederrak, baxu ahaltsua eta ahotsaren presentzia” omen da diskoko zazpi abestietan. Letrek 30 urtez gorako lau gazteren ardurak dituzte oinarri: ohiko bizi hori ezbaian jartzea, talde barruko dinamika, harremanen nondik norakoak, erabakien pisua...

Madeleine taldekoen asmoa “geure bizipenak islatuko dituzten kantu ederrak sortzea” izan da. Taldekide bakoitzaren ekarpena du ardatz disko berriak eta taldearen esentzia hori errespetatu dute beste behin.

Taldeko kide diren Itzal Uranga, Jagoba Salvador, Iñaki Benito eta Gartxot Unsain aritu dira diskoaren sortze prozesuan. Abenduan eta urtarrilean grabatu dute lana, eta Eñaut Gaztañagak grabatu eta nahastu du Gaztain estudioetan. Diskoaren azala Gatza Factoryk diseinatu du. 

Diskoa eta aurkezpena
Diskoa uztailaren 2an kaleratuko dute osorik eta aurkezpena uztailaren 8an egingo dute Donostiako Dabadaban, 20:30ean. Kontzerturako sarrerak agortuta daude jada.