Maddi Barber izango da Donostiako San Telmo Museo Bikoitza programan arituko den hurrengo artista
Ikertu, proposamena aurkeztu eta proiektua gauzatzeko urtebete izango du Barberrek.
San Telmo Museoaren Museo Bikoitza esku-hartze programaren hurrengo artista gonbidatua Maddi Barber izango da. Edizio bateko artistak gonbidatzen du hurrengo ediziokoa proiektuan parte hartzera, eta bertan azkena izandako Hinrich Sachs-ek hautatu du Barber.
"2018an egin zituen lehen urrats nazionalak eta nazioartekoak, eta, geroztik, Barberrek aitorpena irabazi du zinema-komunitatearen eta bideoarteko adituen artean. Baina bere narrazio zinematografikoek hasieratik eduki dituzte audientzia handiek ikusteko moduko istorio pertsonal, enpatiko eta liluragarri baten osagai guztiak.Bere lehen lanetako batean, museo britainiar bateko biltegi baten sakonean sartzen da. Hala ere, San Telmo Museoaren bilduma esploratzeko aldez aurretik prestatzen duena ez da hori, baizik eta bere kamera, muntaia eta soinua oinarrizko harremanekiko sentsibilitate berezia erakusteko erabiltzen dituen modua. Bereziki denbora luzeegian zaindu ez direnak: ingurumenarekiko, paisaiarekiko, lurrarekiko harremanetatik hasi eta larruazalpearen sakoneraraino. 592 metroz goiti, Urpean Lurra eta Gorria filmetan agertzen den interkonexioak Donna Harawayren "ezagutza kokatuaren" kontzeptua eta lurraren "arazoarekin jarraitzeko" egin berri duen deia gogorarazten ditu. Barberren lanak oroimen-irudiak sortzen ditu sentikortasunetik. Ziur nago, testuinguruari jartzen dion arreta berezia medio, altxor ezkutuak eta puntu itsuak aurkituko dituela San Telmo Museoan. Bere proiektua 2024an ezagutzeko irrikaz egongo gara", azaldu du Sachs-ek.
Artista bakoitzak, gutxi gorabehera, sei hilabete izaten ditu ikerketarako eta proposamena aurkezteko, eta beste horrenbeste proiektua gauzatzeko. Proiektuaren erakustaldi publikoa amaitutakoan, museoaren bilduman txertatzen da produzitutako obra. Bestalde, hurrengo edizioko artista hautatu eta lan koordinazioaren konpromisoak ere bere gain hartzen ditu.
Lurrari lotutako artista
Maddi Barberrek (Artzibar, Nafarroa, 1988) ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta ikusizko antropologiako master bat egin zuen Manchesterreko Unibertsitatean. Iruñea eta Baiona artean bizi eta lan egiten du, eta ESAPBko (École Supérieure d 'Art Pays Basque) irakaslea da.
2019an Pirenaika ekoiztetxea sortu zuen, eta haren hainbat film ekoitzi ditu, baita hurbileko artista eta zinemagileenak ere, hala nola Gerard Ortín, Ainhoa Gutiérrez eta Irati Gorostidi. Era berean, Pulpa artisten taldeko kide da, eta La zurda sorkuntza garaikideko eta pentsamendu kritikoko gune autogestionatua jarri du abian Iruñean. Une honetan Tabakalerako Ikusmira Berriak egoitzan parte hartzen ari da, Claros de Bosque fikziozko film luzea garatzen.
Bere lan zinematografiko berrienak Paraiso, Gorria, Urpean Lurra, 592 metroz goiti dira eta bere hainbat jaialditan izan da bere filmak aurkezten, bai Euskal Herrian zein nazioartean. "Bere filmek interesa erakusten dute oroimenaren, lurraldearen, azpiegituraren, ekologiaren eta gizakien eta naturaren arteko zaintza-etikaren arteko harremanean", adierazi du museoak.