Lyongo eskoletan menu begetarianoa ezarri dute

Haragia guztiz ezabatu dute jangeletatik; barazkiak eta arraina dira haurrek bazkalduko dutena aurrerantzean.

Frantzian eztabaida sortu du Lyongo alkate Gregory Doucetek hartutako erabakia; Europe Ecologie Les Verts alderdi ekologistako buruak haragia guztiz ezabatu du Lyongo eskoletako menuetatik, eta hala, hemendik aurrera haurrek ez dute txekor, txerri ala oilaskorik jango; aldiz, barazkiak eta arraina izango dira jangeletako menuen oinarria.

Gainontzeko alderdietako bozeramaileek ez dute begi onez ikusi Douceten erabakia, eta Frantziako abeltzain eta harakinei "iseka onartezina" egin diela adierazi dute. Aldiz, Lyongo Hezkuntza eremuko administrariek adierazi dute menu hauek "azkarrago eta errazago" kontsumitzen direla, jangelan emandako denbora "azkartuz". Koronabirus garaiotan, hau abantaila dela gogoratu dute, jangelan bi metroko distantzia mantentzera behartuta daudenez ikasleek txandaka jan behar dutelako, eta ez dutelako otordurako horrenbeste denbora.

Menu begetariano hauetan arraina eta arrautzak onartzen dira, eta beraz, ikasleek proteinak jateko aukera dute; halere, Frantziako Gobernuko hainbat mandatarik haragiaren aldeko aldarria egin dute, ondo hazteko ikasleek haragia behar dutela argudiatuz; Emmanuel Macron herrialdeko presidenteak berak duela gutxi Twitterren zabaldu zuen abeltzainen aldeko mezua. Aldiz, Ekologia Trantsizioko ministro Barbara Pompilik adierazi du Lyongo menu begetarianoen eredua herrialdeko eskoletara zabaltzea proposatuko dutela.