Lurrin taldeak 'Non zeuden gure ametsak?' aurrerapen singlea kaleratu du
Bideoa ere egin dute, Donostian grabatutako irudiekin.
Lurrin taldeak Non zeuden gure ametsak? singlea argitaratu du eta zabalpen lanean ari da, bere disko berria izango denaren lagina ezagutzera emateko asmoz. Kantuak egungo gizartea bizi izaten ari den aldaketa-garaia islatzen du eta garai berriei eta etorkizun itxaropentsuagoari egiten dio erreferentzia.
Abestian Ane Irisarriren kolaborazioa izan dute eta bera eta taldekide den Oliver Losada aritu dira kantuan. Gitarra melodikoek eta gitarra riff zorrotzagoek janzten dute kantua.
Lan berriko abestien grabaketetan, Toni Mateos, José “Niño” Bruno, Oriol Flores, eta Charlie Moreno musikariek hartu dute parte, besteak beste. Kantuak Sandra Manjarrések grabatu ditu, haien nahasketaz eta masterizazioaz Eñaut Gaztañaga arduratu da, eta musika-ekoizpenaz, berriz, Eñaut Gaztañaga eta Oliver Losada.
Oliver Losadak konfinamendu garaian Donostian sortu zuen musika proiektua da Lurrin. 2020an plazaratu zuten lehen EPa, Kandela baten argitan izenekoa. Musika-estiloari dagokionez, indie-rocka egiten dute, pop-ukituekin eta ahots oso melodikoekin, euskaraz zein gaztelaniaz.
Zuzeneko emanaldietarako honako hauek osatzen dute taldea: Mikel Indo (bateria), Iurgi Andonegi (baxua) eta Oliver Losada (gitarrak eta ahots nagusia).