Lurrean giza bizitza ahalbidetzen duten bederatzi atalasetatik zazpi gainditu dira

Muga klimatiko, natural eta kutsakorrak zenbatu ditu txosten batek.

2009an, zientzialari talde zabal batek Lurra abegikorra izaten jarraitzeko gizakiak pasa behar ez lituzkeen bederatzi muga identifikatu zituzten. Horien artean daude eskuragarri dagoen ur geza, ondo zaindutako gune naturalak, kutsadura maila, ozono geruza eta nola ez, klima aldaketa. 

Orain, berriki Nature aldizkarian argitaratutako txosten batek gainditu behar ez genituzkeen atalase bakoitza zenbatu du, horietako zazpi jada gainditua izan dira planeta osoan zehar edo plantaren gune nagusienetan. Txostenak helarazten duen irudi apokaliptikoa ez da horrenbesterainokoa ozono geruzaren atalasea zerrendatik at geratu baita, erakutsiz gizakia gai izan zela arazoa garaiz konpontzeko. 

Txostenak Lurra ekosistema global baten moduan hautematen du. Atalase horiek modu orokorrean gainditzen badira aldaketa katastrofikoak jazoko dira. Ordutik, ordea, ideia horiei beste bat gehitu zaie: Lurrean ezarritako sistema ez da segurua izango ez bada justua. Hau da txosten honek egin duen ekarpena. Justizia gizakietan, bestelako bizidunetan eta etorkizuneko belaunaldietan kuantifikatu du. 

"Gizakiok Lur sistemaren zati gara. Arazoaren iturri nagusia eta baita irtenbidearena ere" laburbiltzen du lanaren autoreetako bat den Noelia Zafrak. "Baina arazoek eta irtenbideek ez digute guztioi modu berean eragiten eta zenbait gizakik sistema mantendu beharraren eragabekeria pairatu behar izaten dute, besteek onurak jasotzen dituzten bitartean. Gainera, gutxi batzuk beste askorentzat sortu ohi dituzte arazoak" gehitu du ikertzaileak. 

Txosten honek egindako beste ekarpen garrantzitsua ez da krisi klimatikora mugatzen. Bere egileentzat, begi-bistakoa da klima aldaketa ez dela giza zibilizazioak pairatzen duten arazo existentzial bakarra. "Lurreko guneen %50-60 bere egoera originalean mantentzea gure ardura da, abeltzaintza, meatzaritza eta bestelako giza jardueretatik at". Egun erabili gabeko lur zatia %45-50ekoa da, atalaseak jartzen duen mugatik behera. 

Txostenak onartzen du ozeanoen azidifikazioa edota plastikoen pilaketa arazoak ez dituela aztertu. Euren esanetan oraindik behar bezala aztertu gabeko mehatxuak dira, baina nahikoak direnak arrisku existentzialerako. 

Dena den, ikerketak argi du atalase bakoitza gainditzean krisi klimatikoari aurre egiteko gure planetak izan lezakeen indarra ahultzen duela "eta aztertu ditugun zortzi atalasetatik zazpi espazio justu eta segurutik kanpora daude, baina oraindik aldaketa posible dela uste dugu, baina ekintza oso-oso azkarrak exijitzen ditu".