Lupita Nyong'o aktorea umetokiko miomen inguruko ikerketa bultzatzen ari da

Duela hamarkada bat baino gehiago diagnostikatu zioten, eta miomak kentzeko hain inbaditzailea ez den moduren bat topatzeko ikerketen beharra nabarmendu du.

Lupita Nyong'o aktorea ezaguna da zinema munduan. 2014an Oscarra irabazi zuen 12 years a slave filman egindako lanagatik, eta urte berean umetokiko fibromak aurkitu zizkioten ginekologoak egindako osasun azterketan. Hilekoa izaten zuenean min handia izaten zuela nabarmendu zuen behin baino gehiagotan, eta hori zela eta, medikuak ekografia bat egitea erabaki zuen. Hogeita hamar bat mioma topatu zizkioten.

Estatu Batuetako Today saioan egindako elkarrizketan eman du bere egoeraren berri. Lehen aldi hartan, 23 mioma kendu zizkioten. Miomarik handiena laranja baten tamainakoa zela esan zion medikuak. Haiek kenduagatik, berriz sortu zaizkio, ordea, eta duela pare bat urte 50 baino gehiago zituela jakinarazi zioten. 

Fibromak edo miomak umetokian garatzen diren tumore onberak dira, baina hainbat sintoma eragin ditzakete: odol asko hilekoa izatean, pelbiseko edota bizkarreko mina, pixa sarri egiteko gogoa, idorreria...

Hortaz, Nyong'ok bi aukera dituela azaldu du: ebakuntza kirurgikoa egin edo minarekin bizi. Aktoreak aitortu du ez duela argi zer egin, prozedura inbaditzailea delako eta ugalketa-organoentzako arriskua izan dezakeelako. Gainera, berriz haz daitezke, lehen kirurgia eta gero gertatu zaion bezala.

Min fisikoaz gain, karga emozionala ere azpimarratu du mexikar-keniarrak. Diagnostikoa egin ziotenean, "lotsaturik eta errudun" sentitu zela kontatu du, miomak agertu izana bere ardura zelakoan. Oso bakarrik sentitu zela eta bere ugalketa-osasunagatik beldurturik zegoela ere aipatu du.

Azken urteotan beste emakume batzuekin hitz egiteak eta publiko egiteak on egin diola eta "ahaldundu" egin duela nabarmendu du, komunitate bat aurkitu duela eta ez dela lehen bezain bakarrik sentitzen.

Horrek guztiak miomaren inguruko aktibismo lana egiteko indarra eman dio. Miomen aurrean egon daitezkeen konponbideak aztertze aldera, Foundation for Women’s Health (Emakumeen Osasunerako Fundazioa) erakundearekin elkartu da, ikerketa-beka bat abian jartzeko. Ahalik eta inbasio gutxieneko tratamenduak ikertzea da asmoa.

Horrekin batera, #MakeFibroidsCount izeneko kanpaina jarri dute martxan sare sozialetan. Alde batetik, MakeFibroidsCount.org webgunean diru-ekarpena egitera animatu dute jendea, ikerketara bideratzeko. Norberak bere diru-bilketa kanpaina egiteko aukera ere badago, GoFundMe plataformaren bidez, norberarentzat ikerketa zergatik den garrantzitsua azaldu eta inguruko komunitateari laguntza eskatzeko. Eta azkenik, norbere istorioa ikusarazteko eta bakarrik ez sentitzeko, fruta baten argazkia partekatzeko deia egin dute, #MakeFibroidsCount traola erabilita. 

Aktoreak argi utzi izan nahi izan du "badela ahotsa altxatzeko garaia, gai hau arinkeriaz har ez dadin eta ohikoa delako normaltzat hartzeari utz diezaiogun".